Ainara Mindegiaren eta Birjinia Mariezkurrenaren trikiti eta pandero doinuek emanen diete hasiera ekitaldiari, herritar zein bisitariei plaza ingurura bertaratzeko deia eginez. Bertso-pilota partida jokatuko dute segidan. Herriz herri ibiliko dira Oinatz Bengoetxea eta Aitor Alduntzin pilotariak eta bisitatzen dituzten herrietako pilotariei erronka luzatuko diete. Areson, Mikel Olazabal eta Anartz Olano izanen dituzte aurkari. Saioari ukitu berezia emateko, pilotakadak bertsoekin lotuko dituzte Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariek.