II. Etxeko Memorialeko final handia igande honetan jokatuko dute Hernanin

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 5a

Maiatzaren 1ean Altsasun jokatutako lehen jardunaldian berdintasun handia izan zen Mitxoletak eta Kukuprakak taldeen artean. Partida bana irabazi zutem eta berriz ere aurrez aurre izanen dira finalean.

Naroa Elizalde Etxekolonea zenaren omenez Ados pilota elkarteak antolatutako II. Etxeko Memoriala bertso pilota lehiaketaren finala jokatuko dute ekainaren 7an. Final handia igandean 12:00etatik aitzinera jokatuko da Hernaniko Udal Pilotalekuan, eta aurrez aurre izango dira Kukuprakak eta Mitxoletak taldeak.

Mitxoletak (Iturriaga leitzarrarekin) eta Kukuprakak izanen dira aurrez aurre, 12:00etatik aitzinera

Aurtengo txapelketa lehiatua eta parekatua izan da hasieratik bukaerara. Izan ere, azken jardunaldira arte ez zen erabaki zein bi taldek eskuratuko zuten finalerako txartela. Pilotako norgehiagokek maila handia eman dute, baina bertsolarien arteko lehia ere txapelketaren osagai bereizgarrietako bat izan da, talde guztien arteko lehia estutuz eta jardunaldi bakoitzari emozio berezia emanez.

Finala ere orekatua izanen dela aurreikusten da. Alde batetik, Kukuprakak taldeko Oskoz izanen da faborito lau eta erdikoan, orain arte jokatutako partida guztiak irabazi baititu. Dena den, Agirrek ere maila bikaina eman du txapelketan, partida guztietan lehiakor agertuz eta aurkariak beren onena ematera behartuz.

Binakakoan, berriz, Mitxoletak taldeko Iturriaga leitzarra eta Betegi bikoteak ere sendotasun handia erakutsi du, jokatutako partida guztiak irabaziz. Hala ere, ez dute lan erraza izanen; izan ere, Aranburu-Ruiz de Larramendi bikoteak joko bizia eta abiadura handikoa erakutsi du eta ez da samurra izanen haiei agintea kentzea puntua eskuratzeko.

Maiatzaren 1ean Altsasun jokatu zen II. Etxeko Memorialeko lehen jardunaldian elkarren kontra aritu ziren Kukuprakak eta Mitxoletak taldeak eta partida bana irabazi zuten.

Beraz, aurreikusten den parekotasuna kantxan ere gauzatzen bada, aldeko eta kontrako tantoek pisu handia izan dezakete azken emaitzan. Beraz, pilotako norgehiagokek ez ezik, bertsolarien saioa ere erabakigarria izan daiteke finalaren garailea zehazteko, txapelketako araudiaren arabera bertso saioaren irabazleak bere taldearentzat bi tanto baliotsu eskuratu baititzake. Kukuprakak taldearekin Maialen Akizu arituko da bertsotan eta Mitxoletak taldean Nerea Elustondo.

Antolatzaileek herritarrak, pilotazaleak eta bertsozaleak gonbidatu nahi dituzte Hernaniko Udal Pilotalekura gerturatzera, kirola eta kultura uztartzen dituen hitzordu berezi honetaz gozatzera.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun