Igandean eginen dute Leitzako eta inguruko artisauen eta eskulangileen azoka

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 4a

Hemezortzi artisauk eta eskulangilek parte hartuko dute azokan. Denak Leitza eta inguruko herrietakoak.

Leitzako plazan eginen dute, 11:00etatik 14:00etara. Hogei bat artisauk eta eskulangilek parte hartuko dute azokaren 46. edizioan. 

Iaz ez zuten azokarik antolatu eta hutsune hori bete nahian, herritar talde batek hartu du aurten azoka antolatzeko ardura. Herriko eta inguruko artisauei eta eskulangileei lehentasuna ematea erabaki dute eta ekainaren 7an, 11:00etan, Leitzako plazara gerturatzen denak eskaintza zabala izanen du aukeran.

Hau idazterakoan hemezortzi artisauk eta eskulangilek baieztatua zuten parte hartzea. Leitzarrak izanen dira horietako hamasei: Itziar Azpirotzek lore lehorrekin egindako koadroak salduko ditu, Begoña Arrizurietak Liber poltsak, 2zi Elkarteak bularreko minbiziaren ikerketa bultzatzeko hainbat produktu eta Hamaruk eta Okillek ere postu bana jarriko dute. Horiekin batera, Onintzak tokillak, Aitziberrek glutenik gabeko ogiak, Danbolinekoen pitxiak, Motxenekoak artilearekin egindako osagarriak, Lumaika margolanak, Txokosferako gozoak, Saralegi taloak, Sorobarrengo sagardoa, Gorritz gaztandegiko gazta eta burruntzian erretako axuria eta Miren Alduntzinek egindako tripotxak ere salduko dituzte. Inguruko herrietatik, Aresoko Trok larruak eta Uztegiko Antsonea gaztandegiak parte hartuko dute eta baliteke egur lanetan eta kandelak egiten dituzten beste bi artisauk ere parte hartzea. Beraien produktuak plazaratzeaz gain, egiten duten lana erakusteko aukera ere izanen dute: gazta egiten, tripotxak egiten, sega pikatzen... erakustaldiak eskainiko dituzte. Gainera, bisitariek eskuak zikintzeko aukera ere izanen dute buztinarekin eskulanak egiteko jarriko duten txokoan. Antolatzaileek bertaratzeko deia egin diete herritarrei zein bisitariei eta eskerrak eman nahi izan dizkiete azoka antolatzen lagundu dieten Habelarteko, Alkeko, Leitzako Udaleko, Nafarroako Gobernuko eta Mendialdea Mankomunitateko kideei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun