Ekaineko lehenbiziko larunbatean, urteroko argazkia errepikatuko da Leitzako plazan goizeko zortzietan. Lasterkariak zein ikusleak irteera noiz eman zain izanen dira erronkari hasiera emateko. Euskal Herria Mendi Erronkaren hamabigarren edizioa izanen da aurtengoa eta ikusleen animo artean eginen dituzte lehenbiziko metroak. 67 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, bakarka edo erreleboka. Lasterketa Leitzako plazan hasi, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberritik pasa eta Leitzako plazan bukatuko da. Aurten, Nafarroako ultra txapelketaren barrenean sartua egonen da lasterketa eta izena emateko epea bukatzear zela, 589 parte hartzailek emana zuten izena. Binaka parte hartuko dutenek Putzuzarren eginen dute erreleboa. Lehenbiziko lasterkariak Leitzatik Putzuzarrerainoko bidea egin beharko du (32,8 km eta 4.700 metroko desnibela), eta bigarrenak Putzuzarretik Leitzarainoko zatia (34,2 km eta 2.194 metroko desnibela).
Gorka Urbizuri omenaldia
Urtero bezala, talde, eragile edo norbanako bat omentzeko baliatuko dute hitzordua. Aurtengo omendua Gorka Urbizu musikaria izanen da. Eskerrak eman nahi dizkiote urte luze hauetan «euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lan isilari melodia jartzeagatik». Antolatzaileek gaineratu dute: «Artifizio beharrik gabe, bere soiltasunean maitea dugu Gorkaren sorkuntza eta bere balioekiko konpromisoa. Gordin, eder».
Dortsalak ostiralean, ekainaren 5ean, 17:30etik 20:00etara banatuko dituzte eta lasterketa egunean, 06:00etatik 07:15era. 07:30etik 07:55era korralitoa izanen da eta 07:45ean hasiko da omenaldia.
Lasterketa ikusteko lekuak
Lasterketaren zuzeneko jarraipena egiteko aukera eskaintzen dute eta lasterketa ikusteko hainbat leku egoki ere badira ibilbide osoan zehar: Leitzan irteeran eta helmugan; Gorritin (aurrenekoa 08:45 aldera); Arriben (09:15), Gaintzan (09:30), Albin (11:00), Putzuzarren (11:30), Lekunberrin (12:30) edota Berueten, Iontzan (13:45). Lehenbiziko lasterkaria 14:00 aldera espero dute Leitzako plazako helmugan. 20:00etan sari banaketa eginen dute eta 21:00etan lasterketa itxiko da.