[ARGAZKIAK] Sormen eta logo lehiaketetako sariak banatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 2a

Aresoko Nazabal, Leitzako Erleta eta Goizuetako Xalto eskoletako 259 ikaslek parte hartu dute sormen lehiaketaren bigarren edizioan. Esaldi errimatuak, koplak eta bertsoak sortzeko erronka izan dute aurten. Maiatzaren 30ean Areson ospatutako topaketetan egin zuten sari banaketa.

Lehen Hezkuntzako lehenbiziko mailatik, seigarren mailara arteko ikasleek parte hartu dute lehiaketan eta guztira bederatzi lan saritu dituzte:

  • LH 1-2 maila
    1. saria: Uxue Perurena Urizarbarrena
    2. saria: Murtjiz Haider Raja
    3. saria: Naia Gorostiaga Gomez
  • LH 3-4 maila
    1. saria: Aiora Astrain Sagastibeltza
    2. saria: Laia Santos Alguero
    3. saria: Ekhia Bidarte Cueli
  • LH 5-6 maila
    1. saria: Urki Larralde Arotzena
    2. saria: Noris Curac
    3. saria: Ekhi Gorostarzu Sanchez

Haurrak idazketan eta irakurketan trebatzeko premia zegoela ikusi zuten iaz irakasleek eta horri irtenbidea eman nahian, sormen lehiaketa antolatzea erabaki zuten eskualdeko hiru ikastetxeek eta euskara zerbitzuak. Sormen lehiaketa izena eman diote lehiaketari, urtero arlo desberdin bat lantzeko asmoa dutelako. Lehenbiziko edizioan ipuin lehiaketa izan zen eta aurtengoan, bertsoak, esaldi errimatuak eta koplak sortu behar izan dituzte. Ikasleek eskolako orduetan landu dute bertsolaritza, lehiaketan parte hartu aurretik.

Topaketetako logo lehiaketa

Eskolarteko topaketen 25. urteurrenaren aitzakian, logo lehiaketa ere antolatu dute. Aresoko Gereño-Brazete familia izan zen irabazlea eta parte hartzaile guztien artean zozketatu zen saria Nieto-Elustondo familiarentzat izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun