[BIDEOA] Mendialdeko torturatuei aitortza egin diete Leitzan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 2a

Minek ez gaitzatela lotu, jarrai dezagun hegan izenburupean Mendialdeko torturatuen aitortza ekitaldia egin zuten maiatzaren 31n Leitzako Herri Aretoan. Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak antolatutako zikloa borobildu dute horrela: «itzalpean gordetako egiari argia jartzeko bidean pauso garrantzitsua emanaz».

Txalapartaren ttakunak eman zion hasiera ekitaldiari. Leitzako Herri Aretoa beteta, begi guztiak oholtzara begira adi. Txalapartaren erritmoa geroz eta biziago, torturarekin lotutako irudiekin nahasiz, giroa lehertu arte. Txalo zaparradarekin batera agertu zen pantailan letra larriz: Tortura Mendialdean, aitortza ekitaldia. Tortura jasan izan duten Leitza, Areso, Goizueta, Arano, Araitz, Betelu, Lekunberri eta Larraungo herritarrak, haien senideak, eskualdeko alkateak, Nafarroako Gobernuko Biktimen Arretarako Bulegoko ordezkaria eta herritar  ugari bildu ziren bertan.

Xabat eta Joanes Illarregik eta Kattalin Lizarraga bertsolariek testuingurua kokatu ondotik, Miel Joxe Lekuona eta Ane Taberna goizuetarrak igo ziren oholtzara, belaunaldien arteko zubi lana eta transmisioaren inguruko gogoeta partekatzera.  

Aurrerako dantzariak igo ziren segidan oholtzara eta haien atzetik Jon Arangoa, Amparo Arangoaren iloba. Torturaren basakeriaren bueltan testuinguru eta bizipen oso pertsonalak daudela azpimarratu eta berak nola bizi duen azaldu zuen: «Etxean ikusitako beldur eta minen nondik norakoen egia jakin nahi eta ahanzturan erortzen ez uzteko arduratik».

Hala kontatu zuen: «Nerabe nintzela, etxeko egongelako armairu batean, erdi ezkutuan zegoen Zeruko Argia aldizkariaren alea ikustean etorri zitzaidan burura galdera zerrenda amaigabea. Aitak, denboran ahalik eta gehien atzeratzeko asmoa zuen elkarrizketari aurre egin behar izan zion, halabeharrez. Aldizkari hartako argazkiak azaleratu zituen, gertaera haiek gure sendian utzitako arrastoak».  Ez ziren garai errazak izan Arangoa familiarentzako: «Momentu berean bost anai-arrebetatik hiru kuartelean izateagatik etxekoek jasandako beldur eta ezinegona. Torturaren errealitatearen gordintasuna hezur haragitan. Eta berdez jantzitako gizonen galderek kontroletan sortzen zuten beldurraren arrazoia».

Amparoren kasuak «ikusgarritasuna» izan zuela eta «errealitate baten salaketa internazionala» lortu zuela gaineratu zuen Arangoak eta argazki horien balio erantsia azpimarratu: «Garai haietan, emakumezko batek egin zezakeen ahalduntze urrats handia izan zela pentsatzen dut. Ardura sindikalaren, militantziaren, koherentziaren eta feminismoaren banderak bere egin zituen Amparok argazki haiek argitaratzeko baimena eman zuenean».

Tortura jasan eta bizipen haiek kontatzeko ezina duten pertsonei ere mezua luzatu zien: «Bide horretan bidelagun izateko gure prestutasun eta borondatea helarazi nahi dizuegu. Egia hau, ahanzturan gelditu ez dadin pausuak ematea gure belaunaldiaren ardura da».

Segidan, Leitzako, Larraungo, Lekunberriko, Goizuetako, Araizko, Beteluko, Aresoko eta Aranoko udal ordezkariei eta Nafarroako Gobernuko Biktimen Arretarako arduradunari oholtzara igotzeko deia egin zieten. Ekitaldian zehar, Amparo Arangoaren argazkitik abiatutako irudia egon zen oholtzan, eta irudi hori osatzen duten irudi txikiagoak banatu zituzten udal ordezkarien, Nafarroako Gobernuko Biktimen Arretarako Bulegoko ordezkariaren, Egiari Zor fundazioaren eta Nafarroako Torturatuen Sarearen artean. «Egiaren, aitortzaren eta erreparazioaren bidean urratsak ematen jarraitu eta duten konpromisoa» agerian utziz.  

Udaleko ordezkarien izenean Dabid Anaut Leitzako alkateak hartu zuen hitza eta «elkartasuna, babesa eta aitortza» adierazi zieten torturaren eta tratu txarren biktima izan diren Mendialdeko herritarrei eta hauen senideei. Giza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarrak memoriaren eraikuntzaren «erdigunea» izan behar dutela defendatu zuen, eta egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikatzeko bermerako eskubideak ardatz izan behar duela: «Norabide horretan, giza eskubideen urraketen biktima izan diren herritar guztien aitortza aldarrikatzen dugu. Are, gurea bezalako herri anitzetan, kontakizun ezberdin ugari elkarrekin bizitzeko, horiek errespetatu eta zaintzea dagokigu udaloi».

Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen saretik Ainara Gorostiagak eta Eneko Villegasek hartu zuten hitza eta datuak jarri zituzten mahai gainean: «Amparorena ez da kasu isolatu bat. Euskal Herrian 5.000 torturatu baino gehiago daude. Mendialdean, azken hamarkadetan 50 tortura kasu baino gehiago ditugu identifikatuta. Giza eskubideak larriki urratu dituzte Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrek. Bada lotuta mantentzen gaituen mina, sakona eta latza izan da eta da, oraindik».

Min hori baretzeko bidean, «urrats garrantzitsuak» ematen ari direla azaldu zuten, eta nabarmendu zuten Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala jaso dutela dagoeneko eskualdeko bi torturatuk: Jose Maria Alemanek eta Amparo Arangoak. 

Aitortza horiek txalotu, baina urrats gehiago behar direla uste dute: «Beharrezkoa da, tortura kasu guztien aitortza lortzea eta bururaino eraman arte jarraituko dugu lanean. Guk ere, tortura jasandako pertsonok, badugu honetan zer esana. Bada garaia lotzen gaituen min horri kasu egin, saretu eta elkarrekin gizarteari urteetako egia azaleratzeko, egiak ere gurekin eginen baitu hegan», azaldu dute oholtzatik».

Urteetan pairatutako minak askatzeko deia ere egin zuten, «Mila ahots baino, milaka Amparo gara, milaka Jose Mari, milaka Ildefonso... isilpean eta itzalpean gorde nahi izan gaituzten milaka lagun gara, beraz oihukatu dezagun eta gertatutako hori argia jar diezaiogun. Minak lotu gaitu baina mina horrek egia askatzera garamatza». Musikarik ere ez falta izan ekitaldiak Burutik taldeak ere Amparo Arangoari Fermin Balentziak sortutako abestia eskaini zuen.

Ken Zazpiren Itsasoa gara kantua jartzearekin batera, dantzariek ekarritako krabelin gorriz betetako saskia hartu eta publiko artean zeuden kideen artean banatu zituzten Gorostiaga eta Villegasek, musu eta besarkadekin batera. Jendea zutik eta etengabe txaloka. Ekitaldia borobiltzeko, Maixux Zugarramurdi eta Maider, Arantxa eta Ainhoa Ansaren laguntzarekin batera Txoria txori abestu zuten bertaratutakoek. Emozioak dantzan eta esaldi berbera askoren ahotan: «Duela 50 urte pentsaezina zen egunen batean halakorik egiterik izanen zela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun