Arano-Goizueta Saretuz eguna ospatuko dute ekainaren 6an

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 1a

Aranoko eta Goizuetako haurrak elkartzea da helburua.

Guraso elkarteak antolatuta, orain dela bi urte egin zen aurreneko aldiz elkartze hau Aranon eta larunbatean ospatuko dute bigarrena. Bazkarirako txartelak ekainaren 2ra arte eskura daitezke.

Arano-Goizueta Saretuz izena jarri diete egunari eta helburua harremanak sendotzea da: «Bi herrietako ume eta gurasoen arteko saretzea bilatzen dugu, edozein beharren aurrean elkarren berri errazago izateko». Kontuan izan behar da Aranoko umeak Goizuetara joaten direla eskolara. Beraien herrian lagunak jasotzea pozgarria izaten da beraientzat: «beraien herria lagunei erakutsi eta hauekin bertan gozatzea ez dute egunero bizitzen. Hitzordu honek horretarako aukera ematen die». Larunbatean, 10:00etan, bakoitza bere herritik atera eta bidean elkartzea da asmoa, Aranora bideratzeko. Hamaiketakoa etxetik ekarriko du norberak. Bazkaria herriko elkartean egingo da. Arratsaldean jolasak eta aspertzean merienda. Goizuetara bueltatzeko autobusa 19:00etan izango da.

Bazkarirako txartelak Amaia kafetegian egongo dira salgai ekainaren 2ra arte eta aranoarrek herriko WhatsApp taldean ere izanen dute txartelak eskuratzeko aukera. Umeen bazkaria zortzi euro kostako da eta helduena hamar euro. Autobusean bueltatzeko izena eman beharko da Amaia kafetegian eta bi euro ordaindu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun