Maiatzaren 30ean, 11:00etan, bisitariei harrera egin eta bost herrietako kideak nahasiz taldeak osatuko dituzte. 11:30ean hasiko dira jolasean eta festa gune bakarrera mugatu beharrean, herrian barna zabaldu nahi izan dute. Bost gune sortu dituzte eta bakoitzean ekintza berezi bat egiteko aukera eskainiko dute. 13:30 aldera bukaera emanen diote jolasari eta orduan banatuko dituzte sormen eta logo lehiaketetako sariak. 14:00etan herriko plazan elkarrekin bazkaldu eta ondoren kalejira eginen dute, 16:00 aldera. 17:00etatik aurrera jolas kooperatiboak antolatu dituzte. Eguraldi ona bada, baliteke ur jolasak egitea eta horregatik, badaezpada ere bainujantzia eramatea gomendatu dute. Nahikoa jolastu ondotik, 18:00 aldera arratsaldekoa banatuko dute. Indarrak hartuta, musikaren erritmora dantzan aritzeko aukera izanen dute. Lehenbizi topaketetako dantza dantzatuko dute eta ondoren erromeria izango da. Eguna bukatzeko aresoarrek goizuetarrei emanen diete lekukoa.