[ARGAZKIAK] 3.500 kilo ikatz atera dituzte Goizuetako txondorretik

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 25a

Maiatzaren 1ean piztu zuten Goizuetako txondorra eta hiru astez su goxoan erreta larunbat honetan atera dute ikatza. 3.500 kilo eman ditu aurtengoak. Lortutako kilo kopurutik haratago, ekimen honen atzean dagoen «auzolana» nabarmendu nahi izan dute Goizuetako txondorgileek. (Argazkiak: Goizuetako txondorgileak)

Maiatzaren 23an, goizeko zortzietarako elkartu zen 30 bat laguneko kuadrilla txondorraren bueltan eta iluntzeko zortzi eta erdiak aldera bukatu zituzten lanak. Alez alez, 3.500 kilora arte ailegatu ziren. Goizuetako Txondorra elkarteko kidea den Fernando Goiak azaldu du «pozik» daudela emaitzarekin eta lortutako ikatz kopurua baino, txondorraren bueltan sortu den mugimendua nabarmendu nahi izan du: «Guretzako inportanteena kuadrila desberdinetako jendea elkartu eta egiten den auzolana da». Usadio zaharrak berritzen ari direla jakinik, pozgarria irudi zaio txondorraren bueltan sortu den ikusmina: «Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri da jendea txondorra ikustera eta eskaini ditugun bisita gidatuek ere arrakasta handia izan dute».

Ikatza zakuetan sartuta, ez da bukatu txondorgileen lana: «Txondorra egin dugun lursaila eta inguru txukundu lehenbizi eta gero, ikatza salgai jartzeko asmoa dugu». Ze egunetan izanen den ez dute oraindik zehaztu: «Ikatz guztia hartu, plazara eraman eta bertan salgai jarriko dugu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun