Donostiarako noranzkoan, Berastegiko lotunean itxiko dute errepidea eta Iruñera bidean, Andoainen, Sorabillako lotunean. Leitzaldetik Donostiara doazenei, GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) joatea gomendatu diete eta Iruñera doazenek, Leitza eta Uitzi arteko errepidea (GI-2135) erabil dezakete. Ibilbide luzeko joan-etorrien kasuan, N-1 errepidea hartzea eta Altsasutik joatea gomendatu dute.
Zortzi urtez luzatu dira lanak
Azpiegiturak hobetzeko lanak Gipuzkoako zatian egin badituzte ere, eragin zuzena izan dute Gipuzkoarekin mugakide diren Nafarroako hainbat herritako bizilagunengan. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an hasi zituen lanak San Lorentzo tunelean, eta 95 milioi euro eta zortzi urte behar izan dituzte lau tunelak guztiz berritzeko. Belabietako tunela bukatu eta azterketa guztiak egin ondotik, behin-behineko seinaleak eta obrako gainerako elementuak kendu eta errepidea guztiz irekiko dute igandean.