«Ez hemen, ez inon» idatzi dute errepide bazterreko kartelean; lau hitzetan laburtuz makroproiektu eolikoei buruz esateko dutena. Erreka proiektua izan zen Aranora ate joka etorri zen lehena eta atzetik etorri zen Ikatz Gane. Azken honek egin du momentuz aurrera eta proiektua jendaurrean egon eta helegiteak aurkezteko epeak bukatuta, azterketa fasean dago. 200 metroko bost haize errota jarri nahi dituzte Garagartza mendilerroan.
Aranoko herrigunetik parez pare begira jarri eta ederra da ikuspegia. Mendiak berdez jantzi dira udaberriko lehenbiziko asteetan. «Imajinatzen dituzu 200 metroko haize errotak hemen?» izan da Aurora Perurenak ahoz gora bota duen galdera eta paisaiari begira, hamasei begi... mila hitzek baino pisu handiagoa izan du ondorengo isiltasunak. Joxan Ruizekin, Ainhoa Ansarekin, Aurora Perurenarekin, Xabier Legarretarekin, Lurdes Ansarekin, Kontxi Klaberrekin eta Jon Mari Beasainekin elkartu da Ttipi-Ttapa. Kezka eta ezinegona adierazi dituzte: «Erraldoien kontra borrokan ari diren txingurriak sentitu gara askotan».
2024az geroztik borrokan
Energia eolikoaren bueltan dabiltzan enpresek aspalditik dituzte begiz joak Urumea bailarako mendiak. Zurrumurru gisa hasi zena, benetako kezka iturri bihurtu zen 2024an: «Repsolen FE Energy enpresako kideak gurekin harremanetan jarri ziren eta, aurrenekoz, Erreka proiektuaren berri izan genuen». Joxan Ruiz Aranoko alkateak azaldu du lehenbiziko hartu-eman horiek agerian utzi zutela ez zutela herria ezagutzen: «Oiartzunen elektrizitate sarera konektatzeko baimena lortua zuten eta koadrante bat marraztuta, Aranora ailegatu ziren. Izan zitekeen beste edozein herri... Berdin zaie non tokatzen den, nor bizi den edo zer dagoen bertan». Proiektua «herriarentzat onuragarria» izango zela azpimarratzen zieten eta trukean zernahi eskaini: «igerileku bat, kiroldegia, eskola... Alarma guztiak piztu zitzaizkigun. Ez ziguten proiektuari buruzko datu zehatzik eman, baina trukean hainbeste eskaintzeko prest badaude ongi ari ez direnaren seinale da». Argi izan zuten: «Makroproiektu inbaditzaile bat genuen ate joka».
Erreka eta Ikatz Gane
Arano, Hernani, Goizueta, Berastegi eta Elduain lotuko dituen 99 megawatteko «poligono eoliko erraldoi bat» egitea da Repsolen asmoa. Ez da Urumeako mendietan egin nahi duten proiektu bakarra. Handik gutxira jakin zuen udalak bazela Hernaniko lurretan egin nahi zuten beste proiektu bat, Ikatz Gane: «Hernaniko lurretan, baina Aranorekin mugan eraiki nahi dute. Endesak 33 megawatteko potentzia izango luketen bost aerosorgailu jarri nahi ditu Garagartzako mendilerroan». Bi proiektuek aurrera egitea lortuko balute, «haize errotez inguratua geldituko litzateke herria».

«Oso harro gaude bat egin eta herri bezala erantzuteko gai izan garelako»
Joxan RUIZ MINER
ARANOKO ALKATEA
Gainera zetorkiena ikustea «kolpe latza» izan zen udalarentzat. Hasieratik hartu zuten «kontrako jarrera» eta herritarrak informatzea erabaki zuten: «Eskura genuen informazio guztia partekatu genuen. Alarma piztu zen eta antolatu eta indarrak batuta, elkarrekin egin dugu orain arteko bidea». Horren emaitza da, «herri helegitea sinatzeaz gain, udalaren helegiteak babestuz, herritarren %98k sinatu izana proiektua geldiarazteko eskaera». Salatu dute «herria eta herritarrak kontuan izan gabe» jardun direla: «Ez gaude inor gure gainetik igarotzen uzteko prest».
Komunikazioa
Urumea bailarako beste herrietan ez da halako mugimendurik izan: «Ereñotzun azken hilabeteetan mugitu dira, Hernaniko Udalak azkeneko asteetan aurkeztu ditu helegiteak, baina Goizuetan ez da mugimendurik izan». Udalen aldetik, «bestelako erantzun bat» espero zutela aitortu dute: «Goizueta, Hernani, Ereñotzu eta Aranoko Udalak Urumea Arnastuko mahaian elkartu gara behin baino gehiagotan eta ez dugu lortu proiektu hau Urumea bailararako kaltegarria dela dion adierazpen bateratu bat adostea. Hori tristea da». Galdera ere luzatu dute: «beste hainbat injustiziaren aurrean mobilizatu izan gara, orain zergatik ez?».
Gizartean energia berriztagarrien bueltan dagoen «eztabaidarekin» zerikusia izan dezakeela uste dute: «badirudi alderdi batzuek ez dutela argi ze bide hartu». Horren harira, argi utzi nahi dute: «Gaur egungo energia eredua ez da bideragarria eta trantsizio energetiko bat egitea beharrezkoa da, baina horren izenean dena ez da zilegi. Ezin dugu erabakia kanpotik datorren oligopolio energetiko baten esku utzi».
Kezka
Azken aldian entzun dituzten zenbait argudiok ere kezka eragin diete: «'Inork ez ditu etxe aurrean nahi', 'nonbait jarri beharko ditugu', 'sakrifikatu beharko duzue'...». Argi dute: «Ez ditugu 200 metroko dorreak nahi, ez Aranon ezta beste inon ere. Horrenbeste terreno daukagu dagoeneko gizakiak eskua sartua duena eta mendi puntara etorri beharra dago horrelako txikizioa egitera?».
Makroproiektu eolikoak «etiketa berdearekin» aurkeztu dituzte, «gutxi dute, ordea, berdetik». Epe laburrera eta luzera nabarituko lirateke kalteak: «Haize errotak mendi kaskora eramateko bidean galduko den guztia ez da inoiz berreskuratuko eta 20-30 urteren buruan zer? Beraien bizi iraupen aldia bukatutakoan, ez dute asmatu horiek nola birziklatu. Mendiak ez dira berdeak izango berriro».
Aranoren biziraupena kolokan
Proiektu eoliko hauek aurrera egiten badute, «herriaren atzeratze» handi bat gertatzeko arriskua dagoela diote: «Herria galzorian dagoela entzun izan dugu askotan eta hau jartzen badigute, zein izango da bere etorkizuna?». Ez dira baikorrak: «Aranora bizitzera etorri diren asko, mendiak, naturak... erakarrita etorri dira. Hori ez dutela ikusitakoan, alde egingo dute eta bertan gelditzea erabakitzen dugunak bukatzean, akabo. Nor etorriko da hona bizitzera? Nork osatu nahiko du bere bizi proiektua 200 metroko dorreen azpian?».
Erraldoien kontra
Herrian duten ondareari, faunari, iturburuei... «balioa emateko» eginahaletan ari dira, «proiektu hauek geldiarazteko pisuzko arrazoiak izan daitezkeelako. Tristea da, nabarmena izaki, balioa onartzeko dena justifikatu behar izatea». Txosten eta ikerketa horiek eginagatik, ez dakite aski izango den: «Erraldoien kontra ari gara. Hor mugitzen den dirua, dituzten interesak... izugarriak dira». Aranon, ordea, mugatuak dira baliabide ekonomiko eta pertsonalak: «Pentsa, neurketa batzuk egiteko 14.000 euro eskatzen dituzte. Donostia bezalako hiri bati gutxi irudituko zaio, baina Aranok diru horrekin herrian asko egin dezake. Udal handi batek teknikari bat, bi edo hiru, alegazioak prestatzera jarrita izan ditzakeen bitartean, Aranoko Udalaren baliabideen ahalmena guztiz bestelakoa da». Gaineratu dute: «Baliabide pertsonal eta ekonomiko murritza duen, Nafarroaren punta batean dagoen herri txiki-txiki bat isil-isilik geldituko zela pentsa zitekeen...».
Denbora da beste muga: «Oso ongi kontrolatzen dituzte epeak. Aspalditik ari dira proiektuak lantzen eta guk hilabete gutxitan erantzun bat emateko gai izan behar dugu». Halaxe gertatu zaie Ikatz Ganerekin. 2026ko otsailaren 23an jarri zuen Eusko Jaurlaritzak jendaurrean ikusgai eta bukatu da helegiteak aurkezteko epea. Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideek alegazio herritarra prestatu dute: «3.600 helegite bildu ditugu».

Eskerrak eman nahi izan dizkiete sinatu duten guztiei, baita laguntza eskaini dietenei ere. Bereziki nabarmendu dute Euskal Herri osoan dauden herri plataformetatik jaso duten laguntza: «Saretu gara eta eskerrak. Bianditz-Domiko, Endara, Sañu, Amasa, Sarbil... guk ikasi dugu haiengandik eta badakigu beste batzuk ikasiko dutela gugandik. Garrantzitsua da ez gaudela bakarrik sentitzea».
Ikasgai garrantzitsua
Gogorra eta luzea izan da orain arteko bidea: «baina gure herriaren balioa nabarmentzeko aukera eman digu». Orain arte egindako ikerketak eta landutako txostenak etorkizunean ere baliagarriak izango direla uste dute: «ez gara hutsetik hasiko eta ez gaituzte ustekabean harrapatuko». Aranon «bakean bizitzen segi» ahal izateko egin ahal guztiak egiteko prest daude. Dena den aitortu dute, zer etor daitekeen jakinda, lasaitasuna ez dela erabatekoa izango: «Ezezko bat jasota, beste proiektu bat etor daiteke. Azken hilabeteetan Ikatz Gane izan da mehatxua, baina ez dakigu Erreka proiektua zertan den».
Ikatz Gane proiektua atzera botatzen badute, zergatia izango da giltza: «argudio bata edo bestea izateak, proiektu berriei atea betirako itxi edo erdi irekia uztea dakar. Ez da gauza bera, arrazoi administratiboengatik izatea edo ingurumenean sortuko duen inpaktuagatik izatea»
Defentsarako deia
Albiste edo mugimendu berrien esperoan, ez dute lo egoteko asmorik: «Ez da saiatu ez garelako izango. Gure mendietan haize errotak jartzen badituzte, ez dadila ezer egin ez dugulako izan». Inguruko herritarrak ere mobilizatu nahi dituzte: «Egiten ez bada, askok esango dute 'nik banekien ez zela egingo'. Kontrakoa ere aditu izan dugu, 'zuek nahi duzuena egin, baina haiek egin nahi badute azkenean egin egingo dute'». Horren aurrean, borrokarako hautua egina dute: «Elkarrekin segiko dugu, gure herriaren defentsan. Ez da inoiz gutxietsi behar, txingurriek taldean lor dezaketena».