Palestinaren aldeko jaialdia larunbatean Leitzan
Palestinarrei elkartasuna adierazteko erresistentzia jaialdia antolatu dute larunbatean, maiatzaren 23an, Leitzan. Egun osoan zehar izanen dituzte ekintzak: azoka, bazkaria, tekno punk kontzertuak eta DJak.
Plazan eginen duten azoka alternatiboarekin hasiko da jaialdia. Arropa, osagarriak, biniloak... erosteko aukera izanen da 12:00etatik aurrera. 13:00etan bermuterako tartea hartuko dute eta orduan adituko dira eguneko lehenbiziko musika akordeak Akelarre Beatsen eskutik. «Biniloaren eta mugarik gabeko dantzaren maitale sutsuak» dira eta leitzarrak dantzan jartzera datoz. 14:30ean herri bazkari beganoa eginen dute eta ondoren, Akelarre Beatsek saioa eskainiko du berriz. Elkartasun zozketa ere bazkalondoan eginen dute.
Atekabeltz gaztetxean izanen du segida festak; 18:00etan hasiko dira tekno punk kontzertuak. SMForma, Kiltreo Oscuro, Lokers eta Azote Mental taldeak gonbidatu dituzte. Segidan, DJen txanda izanen da: Lilith, Fibia, Dark Eider TX2, More Jaia, Mario Rotten eta Dayanna DJk jarriko dute musika.