Palestinaren aldeko tekno punk jaialdia antolatu dute larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 19a

Palestinaren aldeko hainbat mobilizazio egin izan dituzte Leitzan.

Seigarren edizioa izanen da aurtengoa eta eguerditik goizaldera arte luzatuko da festa.

Palestinarrei elkartasuna adierazteko erresistentzia jaialdia antolatu dute maiatzaren 23an Leitzan eta eguerditik goizaldera arte luzatuko da festa. Egun osoan zehar izanen dituzte ekintzak: azoka, bazkaria, tekno punk kontzertuak eta DJak. Gaueko kontzerturako sarrera hamar euro ordaindu beharko da eta bazkaria, paella beganoa, nahi duenak momentuan ordaindu beharko du. 

Leitzako plazan eginen duten azoka alternatiboarekin hasiko da jaialdia. Arropa, osagarriak, biniloak... erosteko aukera izanen da 12:00etatik aurrera. 13:00etan bermuterako tartea hartuko dute eta orduan adituko dira eguneko lehenbiziko musika akordeak Akelarre Beatsen eskutik. «Biniloaren eta mugarik gabeko dantzaren maitale sutsuak» dira eta leitzarrak dantzan jartzera datoz. 14:30ean herri bazkari beganoa eginen dute eta ondoren, Akelarre Beatsek saioa eskainiko du berriz. Elkartasun zozketa ere bazkalondoan eginen dute. 

Atekabeltz gaztetxean izanen du segida festak; 18:00etan hasiko dira tekno punk kontzertuak. SMForma, Kiltreo Oscuro, Lokers eta Azote Mental taldeak gonbidatu dituzte. Segidan, DJn txanda izanen da: Lilith, Fibia, Dark Eider TX2, More Jaia, Mario Rotten eta Dayanna DJk jarriko dute musika. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun