Erreleboa eskatu dute LeitzEKo Kontsumo Taldeko buru izan diren talde eragileko kideek. Hamabi urte hauetan elikadura burujabetza izan dute helburu: «lehen urratsetatik tokian tokiko, modu justu, jasangarri eta osasuntsuan kontsumitzeko bideak landuz». 70 bazkide titular dituzte eta 200 bat lagunengana iristen dira. Ez dira nolanahiko datuak eta horregatik, kontsumo taldearen etorkizuna zein izanen den erabakitzeko denen iritzia entzutea beharrezkoa zela azpimarratu zuten. Ez ohiko batzarra egin zuten maiatzaren 7an. Lekukoa inork hartzen ez badu kontsumo taldearen egitura bertan behera gelditzeko arriskua dagoela ikusi dute eta hala, «bizpahiru pertsona talde eragile berri baten sorrera lantzeko prest» agertu dira: «Irailera arteko denbora eskatu dute asmo hau egikaritzen saiatzeko. Bere bidea eginen dute ordurako bilatzen dituzten emaitzak eman daitezen». Proposamen gehiago aurkezteko aukera ere badagoela azpimarratu dute LeitzEKOtik: «hurrengo hilabeteetan norbaitek ekarpenik egin nahiko balu, edo interesa piztuko balitzaio, gurekin harremanetan jartzea eskertuko genuke». Bien bitartean, azaroko Leitzako eta Aresoko produktuen azokaren ardura nagusia Habelartek hartu eta kontsumo taldeak laguntzen jarraituko du.