Leitzako osasun etxea bisitatu dute Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko kideek

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 18a

Dabid Anaut Leitzako alkateak, Maider Amantegi zinegotziak eta Iosune Uranga osasun-etxeko erizainak egin ziete harrera Legebiltzarreko ordezkariei.

Osasun etxearen egoera zein den azaldu eta bertatik bertara erakustea izan zen bisitaren helburua. Leitzako Udaleko eta osasun etxeko ordezkariek «eraikin berri bat eraikitzeko beharra» azpimarratu zieten: «Gaur egungoa txiki gelditu da eta zaharkituta dago».

Dabid Anaut Leitzako alkateak, Maider Amantegi zinegotziak eta Iosune Uranga osasun etxeko erizainak egin zieten harrera Legebiltzarreko ordezkariei.  Leitzan izan ziren maiatzaren 13an Leticia San Martín (UPN), Úrsula Pardo (PSN), Mikel Zabaleta (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin) parlamentariak. 

Osasun etxea bertatik bertara erakutsi eta egoera zein den azaldu zieten, nabarmenduz osasun etxe  berri bat eraikitzea «premiazkoa» dela, «inbertsio soziala eta atzeraezina da». Argi utzi zieten eraikina berritzetik haratago, helburua herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea dela: «osasuna, intimitatea, irisgarritasuna... eta lehen mailako arreta modernizatzea».

Osasun etxeko langileen ustez «eraikina txiki» gelditu izana da «zerbitzuak behar bezala ematea eragozten duen» arazo nagusietako bat: «Pandemiaren ondoren, osasun etxearen kanpoaldean barrakoi bat jarri zen fisioterapiako, psikologiako eta gizarte laneko zerbitzuak hartzeko». Espazio horrek, hasiera batean behin-behinekoa izan behar zuen eta urtetan mantendu eta salatu dute ez dituela «arreta egokia bermatzeko baldintzak betetzen».

Eraikinak berak dituen gabeziak ere handiak direla salatu dute: «batez ere klimatizazioari, hezetasunari eta intsonorizazio eskasari dagokienez. Horrek konfidentzialtasuna arriskuan jartzen du eta osasun-azpiegituren diseinua arautzen duten arauak urratzen ditu.

Ez dira betetzen ez dira arau bakarrak: «Biltegia txikia denez, ohartarazi dute osasun arretako materiala kontserbatu eta biltegiratzeko orduan, gaur egun ez direla betetzen araudiak eskatzen dituen segurtasun baldintzak eta neurriak». Gainera, emagin zerbitzurik ere ez dute eskaintzen, «osasun-etxeak ez duelako horretarako espazio propiorik, ezta ekografoa erabiltzeko espazio egokirik ere». Espazio zabal batek, lan komunitarioak egiteko aukerak ere eskainiko lituzkeela uste dute, «hala nola osasunerako hezkuntzako tailerrak edo hitzaldiak».

Gaur egungo kokapena ere ez da egokia: «Osasun etxea herriko erdigunetik urrun dago, ez dago garraio publikoko zerbitzurik bertara iristeko eta inguruan  aparkaleku plaza gutxi ditu. Horrek irisgarritasunari eta osasun-sistemarako sarbidearen ekitateari eragiten dio. Egokiena zentro berria herriaren erdigunean kokatzea litzateke».

Argudio hauek guztiak biltzen dituen txosten bana eman zieten, «inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere». Bisitaren balorazio positiboa egin zuten udaleko ordezkariek: «beste urrats bat izan da, beste egoera batera iristeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun