Leitzaldeko Euskara Zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuak eta Leitzako Udalak haur txoko eta tailerrak antolatu dituzte. Ekainaren 29an hasiko dira eta zerbitzua lau astez eskainiko duten arren, asteka izena emateko aukera izanen da.
Bi ordutegi eskainiko dituzte: 09:00etatik 13:00etara edo 10:00etatik 13:00etara. Haur txokoan, Haur Hezkuntzako ikasleak ariko dira eta tailerretan, Lehen Hezkuntzako ikasleak.
Izena ematea maiatzaren 15etik 22ra egin beharko da, www.iparmank.eus-en. Ordainketa egin eta haur bakoitzari dagokion fitxa bete eta bidali beharko da. Antolatzaileek ohartarazi dute bi urratsak epearen barruan egin ezean ez dela izen ematerik onartuko, eta haurra ez dela zerrendetan sartuko ordainketa egina eta fitxa beteta izan arte. Gainera, ordainketa egiterakoan haurraren izen-abizenak adierazi beharko dira. Guraso bakarren eta familia ugarien kasuan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko dute. Bestalde, behin izena emanda eta ordainketa eginda, dirua ez da itzuliko; hala ere, ezbeharren edo gaixotasunen ondorioz izen ematea bertan behera uzten bada, ordaindutakoaren %80 itzuliko da. Informazio gehiago nahi dutenek Euskara Zerbitzura edo Gizarte Zerbitzura dei edo idatz dezakete.