Nor dugu Saioa?
30 urteko aresoar alaia.
Zer duzu maite?
Mendia oso gustuko dut. Egunerokoan, txakurra hartu eta mendi buelta bat emateak ideiak ordenatzen laguntzen dit, etxean ditugun behorrak ere bereziak dira niretzat. Eta noski, ingurukoekin pestan ibiltzea ere ederra da.
Aresoko herrian zer da gehien maite duzuna?
Herri ttiki bateko lasaitasuna eta askatasuna. Gainera, mendiz inguratuta dago.
Herriko txoko bat aukeratzekotan, zein?
Herriko plaza aukeratuko nuke, frontis eta belardi handi bat dauzka, eta egun berezi gehienak ere hor ospatzen ditugu.
Eta mendi bat aukeratzekotan?
Ulizar da niretzat bereziena. Halere, Ireber ere aukeratuko nuke; eguraldi onarekin bistak izugarriak dira.
Lasterka ibiltzeko baduzu itzuli kuttunik?
Gorriti aldera igo eta handik Merku eta Ulizarretik pasa, Altzeinurren trago bat hartu, eta Aresoko ermitan behera jaistea buelta polita da.
Bestetik, ospakizunen batekin gelditzekotan, zeinekin?
Aresoko Mendi Martxa esango nuke. Herritar askok hartzen dute parte, bai lanean baita buelta egiten ere; kanpotik ere jende gehien etortzen den eguna da, eta giro polita sortzen da.
Lanbidez aldatu duzu, irakaslea zara orain...
Duela bi urte eta erdi administrari lana utzi eta irakaskuntza probatzea erabaki nuen, 27 urte nituen, eta momentu egokia iruditu zitzaidan. Aldaketak errespetua ematen zidan: lankideekin nuen giro on hortatik leku berri batera joatea, eta segurtasunik gabe. Hala ere, berriz egingo nuke.
Aita artzain txakur txapelketetan ibili da, hartu duzu zerbait beregandik?
Behin baino gehiagotan animatu izan dit probatzera, baina ez naiz inoiz atrebitu. Txakurrekin ibiltzea asko gustatzen zait, baina ez daukat horiekin lan egiteko berak duen gaitasuna.
Zure helburuak aurten?
Martxa berdinean segitu nahiko nuke. Ekainean Naroa lagunarekin EH Mendi Erronkan ateratzekoa naiz, eta egunaz disfrutatu nahiko nuke.
Baduzu ametsik?
Ez dut amets handirik, asko baloratzen ditut eguneroko momentu ttikiak.