Hernaniko lurretan, baina Aranoko herrigunetik oso gertu egin nahi dute Ikatz Gane proiektua 200 metrotik gorako bost aerosorgailurekin. Ikatz Ganek «inpaktu izugarria» eraginen lukeela arguadiatuta, kontrako jarrera erakutsi dute aranoarrek: «Arano herriko bizitza eta bizimodua erabat kaltetuko luke eta natur ondareari, bertako fauna eta iturburuei zuzenean eragingo lieke».
Arano herriko hainbat eragile elkartu ziren maiatzaren 10ean herriko plazan eta argi azaldu zuten beraien iritzia: «Edo atzera bota edo Aranorenak egin du. Ez du inork hemen bizi nahiko edo bertako taberna, mendi edo bestelako zerbitzuetara inguratu nahiko». Izan ere, Hernaniko lurretan baina Aranoko herrigunetik oso gertu jarri nahi dituzte aerosorgailuak: «Bista-bistan eta oso gertu proiektatu dituzte, aeosorgailuak gure buru gainean izango ditugu beti».
Aranoko bizitzan eta aranoarren bizi kalitatean eragin «oso kaltegarria» izango duela aurreikusten dute: «Herrigunerako distantzia eta aparatuen dimentsioak kontuan izanda itzala ere egingo luke herriko plazan eta nonahitik entzungo genituzke». Horretaz gain, bertako megalito eta kultur ondarean, iturburuetan eta fauna eta floran ere konpondu ezinezko kaltea izango luke eta horiek kontuan izanda ari dira Ikatz Gane proiektuaren aurkako elegiteak prestatzen. Urumeako Mendiak Bizirik Taldeak ere proiektuaren aurkako helegite bat prestatu eta difusio lana egin du. Guztira, 3.512 herritarrek sinatu dute helegitea.
Mozioa Hernaniko udalean
Egoeraren larria ikusita, Aranoko Udalak Ikatz Gane proiektuaren aurkako mozio bat aurkeztu zuen martxoaren 23an Hernaniko Udalean eta Ereñotzuko Auzo Udalari eta Goizuetako Udalari mozioa babesteko eskatu zieten: «Mozioa ez da oraindik Hernaniko Udal Batzarretik pasa».
Aranoarren %96 proiektuaren aurka
Herriak mugitu beharko duela ikusita, sinadura bilketa bat ere egin da Aranon, herritarren iritzia jakiteko. Aranoarren %96k Ikatz Gane proiektuaren aurka eman du bere sinadura, herriak eta herritarrek duten iritziaren seinale.