Goizutrail lasterketaren hamaikagarren edizioa eginen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 13a

250 parte hartzaile espero dituzte.

Izen emateak beteta, 250 lastekari espero dituzte: 150 lasterketa motzean eta 100 lasterketa luzean

250 lasterkarirentzat ireki zuten izena emateko aukera eta, dortsal guztiak agortuta, itxura ederra du aurtengo edizioak. 150 lasterkarik eman dute izena lasterketa motzean eta 11 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lasterketa luzerako, berriz, 100 lasterkarik eman dute izena eta 26 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. 

Maiatzaren 16an,  09:00etan aterako dira parte hartzaile guztiak Goizuetako plazatik eta bidezidor estu batetik igoko dira Aitasemegi auzora. Lau kilometro osatuko dituzte pista eta bidezidorretan barna eta Eneko Elorrira ailegatuko dira. Hemendik herrira jaitsiko dira, Espideko Soroa zeharkatuz. Ibilbide motza eginen duten lasterkariek helmugarako bidea hartuko dute. Ibilbide luzeko lasterkariak aurrera segi eta Amonamotza, Loitzate  eta Arainbura igoko dira. Ondotik, Bentzuntzaraino segi eta Elamara jaitsiko dira, igoera txiki bat egin eta Arriurdiñetako gaina zapaldu, ibaia zeharkatu eta Espideko sororaino igo ondotik, herrira jaitsi eta helmugara ailegatuko dira. Ibilbide motza egin behar dutenentzat Eneko Elorriko izanen da ibilbideko punturik altuena. Ibilbide luzea egin behar dutenak 1.054 metrotan dagoen Arainburuko kaskora igoko dira. 

Lasterketa motzeko lehenbiziko lasterkaria 10:00 aldera espero dute helmugan eta lasterketa luzekoa 11:10etik aurrera. Sari banaketa 12:30etik aurrera eginen dute.

Auzolana

Goizutrail lasterketa egin ahal izateko, auzolana ezinbestekoa da. Dena ongi joan dadin 80 bat lagun ariko dira lanean. Ibilbidean suhiltzaile boluntarioak egonen dira laguntza guneetan eta medikuak helmugan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun