1976ko apirilaren 21ean atxilotu eta torturatu zuten Amparo Arangoa Satrustegi leitzarra. 50 urte geroago, torturaren aurkako sinbolo izaten segitzen du Arangoaren gorputz ubeldua erakusten duen argazkiak. Urteurrena baliatuta, Tortura Mendialdean: egia, aitortza, erreparazioa zikloa antolatu dute Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak: «torturaren errealitatea argitara atera eta torturatuak izan diren Nafarroako Mendialdeko herritarrei aitortza egiteko».
Jon Arangoa Amparo Arangoaren ilobarekin eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kidearekin bildu da TTIPI-TTAPA. Orain arte egin duten bidea azaldu eta gaia gizarteratzeko beharra dagoela nabarmendu dute, «egia, justizia eta erreparazioa lortzeko».

50. urteurrena
1976ko apirilaren 21ean torturatu zuten Amparo Arangoa eta handik urte dezentetara izan zuen Jon Arangoak izebak bizi izandakoaren berri: «urte askoan gai tabua izan da familian, barrenean zuten minaren ondorio. Denborarekin pixkanaka gaia landuz joan gara eta etxekoen ahotik gertatutakoaren berri izaten». ORTko militantea zen Arangoa eta Leitzako Sarrio paper lantegian lanean ari zela Guardia Zibilek atxilotu, Tolosako kuartelera eraman eta bortizki jipoitu zuten.
«Amparok begiak zabaldu zizkien tortura ukatzen zutenei, bere gorputz ubeldua erakutsiz»
Arangoarena Euskal Herrian erregistratutako milaka tortura kasuetako bat da, baina Patxi Zabaletak eta Javier Yabenek ospitalean atera zizkien argazkiek aukera eman zuten errealitate hori gizarteratzeko: «Zentsurari eta beldurrari iskin egin eta irudiak Zeruko Argia aldizkarian argitaratu eta nazioarteko hainbat hedabidetan izan zuten oihartzuna». Torturaren lehenbiziko froga grafikoa izan zen: «Bere gorputzaren erakustaldi ausart harekin, Amparok begiak zabaldu zizkien tortura ukatzen zutenei». Gainera, gaur egungo ikuspegitik argazkiak are garrantzia handiago duela uste du Arangoak: «Genero ikuspegia ere baduelako. Emakumezkoaren ahalduntze bat ematen hasi zen, sindikalgintzan lehenbiziko lerroan egon eta horri guztiari aurre eginez, argazki horiek zabaltzeko baimena ematea. Militantzia azkeneko muturreraino eman zuen eta keinu ausarta izan zen, goraipatzekoa».
«Nafarroako Gobernuak, bi urtetan, 122 herritarri aitortu die torturaren biktima izaera»
Aitortza ofiziala
Amparo Arangoaren kasua gizartean ezaguna egin zen arren, 2025eko abendura arte ez zuen Nafarroako Gobernuaren aitortza ofizialik izan. 2024an egin zuen Nafarroako Gobernuak biktimak aitortzeko lehenbiziko ekitaldi publikoa eta Nafarroako Torturatuen Sareko Ainara Gorostiagaren ustez, aurrerapauso handia izan zen: «duela hamar urte pentsaezina zen hori. Orain ikusi da estatu indarkeria jasandako hainbat pertsonek, ez guztiek, aukera izan dutela prozesu honetara aurkezteko, eta aintzat hartu behar da honelako ekitaldiak egitea». Nafarroako 122 herritarri aitortu diote torturaren biktima izaera: «Lehenengoan 12 pertsona aitortu zituzten, bigarrenean 29 eta aurten 81 izan dira. Poliki-poliki jendea hasi da kontatzen. Datorren urteko uztailean bukatzen da eskaerak aurkezteko epea».
Eskaerak
Funtzionario publikoen aldetik edo eskuin muturreko taldeen aldetik motibazio politikoagatik gertatutako giza eskubideen urraketaren aitortza eta erreparazio eskaera 16/2019 Foru Legearen baitan egin daiteke. Horretarako, lehenbiziko pausoa, «eskatzen den formulario orria betetzea da gertaeraren deskribapenarekin». Nafarroako Torturatuen Sarea eta Egiari Zor Fundazioa dituzte prozesuan bidelagun.
Behin eskaera eginda, Nafarroako Gobernuan erregistratzen da eta 16 hilabeteko epean ebazpena eman dezakete. Tarte horretan, lehendabizi tramitera onartua izan behar da eskaera eta ondoren, Aitortza Batzordetik pasa eta bertan gertatutako guztia kontatu behar dute, auzitegi mediku baten eta psikologo baten aurrean.
Prozesu gogorra
Etxean bizi izan du prozesua Arangoak: «Etxekoek bizipen guztiak eguneratu behar izan zituzten eta prozesu oso gogorra izan zen. Nafarroako Gobernuko Aitortza Batzordeak berme batzuk eskatzen ditu Istanbuleko protokoloaren baitan oinarrituta». Istanbuleko Protokoloa nazioarteko estandar edo gida bat da, tortura eta tratu edo zigor krudel, gizagabe edo umiliagarriak ikertzeko eta dokumentatzeko erabiltzen dena. 1999an onartu zuten, eta Nazio Batuen Erakundeak babesten du. Bere helburua da medikuek, psikologoek, abokatuek eta epaileek modu egokian identifikatu, dokumentatu eta frogatu ahal izatea tortura kasuak.
«Tortura hauek zeinek agindu zituen, nork egin zituen eta zertarako jakitea falta da»
Gainera, kontuan izan behar da askorentzat prozesua ez dela eskaera erregistratzen denean hasten: «batzuentzat lehenbiziko pausoa ni torturatu ninduten esatea izaten da». Torturaz hitz egitea, oraindik ere, oso zaila dela azaldu du Gorostiagak eta alde horretatik prozesu hau jende askorentzako «askatzailea» ere izaten ari dela ikusi du: «Barrenean gorde dena hainbeste urte ondoren ateratzean liberazio moduko zerbait sentitzen dute». Beste batzuk, ordea, ez dira hitz egiteko gai: «Bakoitzaren denborak errespetatu behar dira. Tamalez, lege hauek epe muga dute eta askotan ez datoz bat norberaren denborekin».
Aitortza Batzordetik pasa ondotik, ebazpena urtebete ingurura jasotzen dute: «Momentu latza izaten da, poza eta amorrua nahasten dira askotan. Poza, behingoz, instituzio batek sinisten dizulako zuk jada dakizuna eta amorrua, mina eragin dizunak ez duelako inongo erantzukizunik izanen».
Erreparazioa
Arangoak ere, hala bizi du: «Alde batetik, zirkulua ixten dela sentitzen duzu eta eskertzekoa da aitortza ofizial hori jasotzea. Bestetik, azpimarratu behar da aitortza dela, baina ez dela justizia. Hor pauso bat falta da eta ausardiaz jokatu behar dela uste dugu. Tortura hauek zeinek agindu zituen, nork egin zituen eta zertarako jakitea falta da. Hori litzateke benetako erreparazioa eta justizia egiteko bidea».
Gorostiagak ere pauso bat gehiago emateko beharra ikusten du: «Erreparazio prozesu hauek balio dute ikustarazteko hamarkadetan zehar egondako inpunitatea, aitortza hauekin patroiak ateratzen hasi beharko lukete, egin dena ez dela modu isolatu batean egin eta onartu guztiz planifikatutako zerbait izan dela, sistematikoa».
Nafarroako Gobernuak bide honetan jarraitu beharko lukeela uste dute: «konpromisoa hartu beharko luke erreparazioaren bidean eta memoria inklusibo baten alde. Errelatu guztiak mahai gainean jarriz, salbuespenik gabe».
Mendialdeko kasuak
Mendialdean 50 tortura kasu baino gehiago identifikatu dituzte, «baina badago susmoa gehiago izanen direla. Ahalegin handia egin da kasuak gizarteratzeko, baina kontziente gara mina handia dela eta kosta egiten dela barrena ireki eta azaleratzea». Errealitate hori ikusarazi nahi dute: «Erakustea torturak jasan dituztenen kopurua uste baino dezentez handiagoa dela, oso orokortua izan dela Euskal Herrian eta, gutxienez, konstantzia hori gelditu dadila».
«Torturatuei babesa eskaini, aitortza egin eta gaia gizarteratzea da helburua»
Zikloa maiatzean
Tortura Mendialdean: egia, aitortza, erreparazioa zikloaren helburua horixe da: «Ikusaraztea, gizarteratzea Mendialdean ere errealitate hau eman zela. Ez direla trantsizio garaiko kontuak eta 2000. urtetik aurrera ere badirela kasuak».
Gaia gizarteratu eta tortura jasan zutenei babesa eskaini nahi diete: «hurbiltasuna, babesa, aitortza bat egitea. Eta ea hori ere bultzada den, hitz egitera ausartu ez direnek pausoa eman dezaten. Prozesu guztia biziz edota prest ez badaude, torturatu zituztela esanez. Egoeraren bolumena zein izan zen ikusteko baliagarriak izanen ziren biak».
Hiru ekitaldi
Maiatzaren 15ean, 19:00etan, Larraungo Gabari Gune Irekian hasiko da zikloa, Arg(h)itzen dokumentalaren emanaldiarekin. Maiatzaren 22an, 18:30ean, Amaia Izko abokatuak eta Iñaki Egaña historialariak Tortura: begirada historiko eta judiziala solasaldia eskainiko dute Leitzako udaletxean. Maiatzaren 31n aitortza ekitaldia eginen dute Leitzako Herri Aretoan, 12:00etan. Minek ez gaitzatela lotu, jarrai dezagun hegan izenburupean antolatu dute: «maitasun handiarekin prestatzen ari gara eta espero dugu herritarrak hurbiltzea».