Leitzako Kultur Aroaren 48. edizioa maiatzaren 9an hasiko da

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Eskulangile eta artisau azoka berreskuratuko dute eta bertako ekoizleek izanen dute lehentasuna.

Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak herriko hainbat eragileren laguntza izan du egitaraua osatzeko

Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak herriko hainbat eragilerekin batera antolatu du aurtengo egitaraua. Adin eta publiko zabala kontuan izan eta denentzat gozagarri izanen den eskaintza osatu dute. Tartean, artisau eta eskulangile azoka berreskuratuko dute, Leitzako eta inguruko herrietako eskulangileei eta artisauei lehentasuna emanez. 

Maiatzaren 9an hasiko da Kultur Aroa, Atekabeltz Herrigunean eginen duten escape room bereziarekin. Gizarte zerbitzuekin batera antolatu dute eta Zentzumenen plazerean izenburupean, zentzumenen eta sentsazioen mundura bidaiatzea proposatzen dute. Parte hartzaileek bost zentzumenekin lotutako hainbat proba gainditu beharko dituzten beren askatasuna berreskuratu ahal izateko. 

Maiatzaren 14an, poesia emanaldia eskainiko dute Arantzazu Lizartzak eta Ione Gorostarzuk, 19:30ean, Leitzako Herri Aretoan. 

Maiatzaren 18an, Amazabal Institutuko ikasleentzako solasaldi musikatua antolatu dute. Leitzako Herri Aretoan izanen da, 10:30ean. 

Maiatzaren 29an, Umore Gaua antolatu dute Tximutxe Euskara Elkartearen laguntzarekin. Atekabeltz Herrigunean, egin dute hitzordua 21:00 aldera. Maialen Sorzabalbere, Mikel Irazusta eta Ander Malbadi umoregileak igoko dira oholtzara. 

Maiatzaren 30ean, Denboraren lorategia kantaldia eskainiko du Itziar Azpirotzek, hainbat musikariren laguntzarekin. Plaza Zaharrean, 21:00etan izanen da eta eguraldi txarrarekin herri aretoan. 

Ekainaren 7an, artisauen eta eskulangileen azoka eginen dute. Iaz ez zuten antolatu, baina aurten herritar batzuk berreskuratzea erabaki dute. Gainera, jakinarazi dute herriko eta inguruko artisauek izanen dutela lehentasuna.

Ekainaren 13an, XVI. Sagardo Eguna ospatuko dute 19:00etatik aurrera.

Ekainaren 14an, Jack Padraig musikari irlandarrak kontzertua eskainiko du, 18:00etan, Torrea tabernan. 

Ekainaren 19an, 22:00etan, zinema emanaldia antolatu du ALKEk Denok Bat guraso elkartearekin batera. La barraca educativa konpainia gonbidatu dute eta haur zein helduek elkarrekin gozatzeko proposamena ekarriko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun