Goizuetako Minbiziaren Egun Solidarioan bildutako dirua 2zi Elkarteari eman diote

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Goizuetako eskolako hirugarren zikloko irakaslea eta ikasleak eta 2zi Elkarteko kideak.

Xalto eskolako LH 5. eta 6. mailetako ikasleek Minbiziaren Egun Solidarioa antolatu zuten otsailaren 7an. Bertan bildutako 1.820 euroak astelehenean eman zizkieten 2zi Elkarteko kideei. 

Minbiziaren inguruko lanketa egin zuten Xalto eskolako hirugarren zikloko ikasleek eta ikerketa bultzatzeko dirua biltzeko erronka jarri zioten beraien buruari. Horretarako, Minbiziaren Egun Solidarioa antolatu zuten otsailaren 7an. 1.840 euro lortu zituzten eta diru guztia 2zi elkarteari ematea erabaki zuten. Maiatzaren 5ean elkarteko kide diren Edurne Lamuedrarekin eta Edurne Mutuberriarekin elkartu ziren ikasleak dirua emateko. «Eskertuta eta hunkituta» jaso zuten dirua eta beraien ekarpenak pertsona askorentzat «itxaropena» dakarrela azpimarratu zuten: «Aurrerapauso  bat gehiago eman ahal izanen dugu bularreko minbizi metastasikoaren ikerketan, eta horrek itxaropena dakar hainbeste pertsonarentzat». Bihotzez eman zizkieten eskerrak: «Eskerrak eman nahi dizkiogu GOizuetako Andres Narbarte Xalto eskolako komunitate osoari. Zuen keinuak benetan eragina du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun