Herrian proiektuaren kontrako jarrera nagusi dela dio eta Urumeako Mendiak Bizirik plataformak egindako lana goraipatu du: «Herri helegitea prestatu dute eta 3.600 sinadura bildu dituzte. Udalak ere bere aldetik helegiteak aurkeztuko ditu». Euskal Herrian makroproiektu eolikoen aurka sortu diren hainbat herri mugimenduk emandako babesa eskertu nahi izan du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak: «Endara Bizirik, Bianditz Domiko Bizirik, Sañu Bizirik, Sarbilekoak eta Amasa Bizirik plataformakoek emandako laguntza eskertu nahi dugu». Apirilaren 30ean aurkeztu zituzten helegite horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.
Borroka honek guztiak hausturak ere eragin dituela onartu du Ruizek. Salatu duenez, «Urumeako beste udalengandik ez dugu behar adina babes jaso». Erantzun «bateratua eta koordinatua» ematea eskatu du: «Urumea bailara osorako mehatxua da eta sentitu dugu beste udalak ez direla behar beste inplikatu». Horrek, eragina du udalen arteko harremanetan: «Ikatz Gane proiektuak zauri handi bat sor dezake Urumea bailaran. Gure herriak desagertzeko arriskua du eta sinesgaitza da bailarako beste udalek elkartasun zuzena ez erakutsi izana».