Nafarroako haur eskoletan greba deialdia egin dute ostegunerako

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 5a

«Lan eta bizi baldintza duinak» eskatu dituzte.

Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan grebara deituta daude langileak maiatzaren 7an. 0-3 plataformak estatu mailan egin du mobilizaziorako deia eta Nafarroako ELA, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute deialdiarekin. 

Langileen duintasuna eta hezkuntza zerbitzuaren kalitatea bermatzeko neurriak hartzea eskatu dute: «Soldata duinak eskatzen ditugu, ratioen jaitsiera, haur hezkuntzako eskola publiko eta doako sare bat eta hezkuntzaren funtsezko zati gisa egiten dugun lana aitortzea», laburbildu dute plataformako kideek.

Gaur egungo ratioak altuegiak direla ere seinalatu dute eta datuak jarri dituzte mahai gainean: «Legeak Nafarroan 0-1 adin tarteko 8 ume, 1-2 urteko 12 eta 2-3-ko 16 haurrez osatutako taldeak baimentzen ditu. Zifra hauek OCDE-k eta Europar Batasunak gomendatutako zifrak bikoizten dituzte. Taldeak gehienez 0-1 adin tarteko 4 ume, 1-2 urteko 6 eta 2-3-ko 8 haur izan beharko lituzkete». Horrek hezkuntza kalitatean eragina du: «lanerako baldintza prekarioak ditugu eta ez ditugu baliabide nahikoak ikasleen aniztasunari erantzuteko».

Irakasle aitortza

Hezkuntza Departamentuaren aitortza ere eskatzen dute: «irakasle gisa aitor gaitzala. Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoen pedagogia eta burokrazia lan bera egiten dugun arren, ez dugu irakasle aitortzarik. Nahiz eta, LOMLOEk 0-3a hezkuntza zikloa dela aitortu».

Argi diote:«Lanbidea errespetatu gabe ez dago hezkuntza kalitaterik. Haurtzaroa ez da zerbitzu bat, erantzukizun bat da». Haur eskoletan bizitza «oso baten oinarria ereiten» dela nabarmendu dute: «haur eskoletan lagundu, sostengatu eta hezi egiten dugu. Hemen loturak sortzen dira, ikaskuntzak eraikitzen dira». Mobilizazioekin bat egin eta greba deialdiarekin bat egiteko eskaera luzatu dute:  «Maiatzaren 7, 18:00etan Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu gaur egun haur eskoletako familiak direnei, baita noizbait izan daitezkeenei ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun