Arbasoen ohitura zaharrak berritu zituzten maiatzaren 1ean Goizuetan. II. Txondor Eguna ospatu zuten eta jendetza bildu zen piztuera ekitaldian eta ondorengo bazkarian.
Eguerdian hasi zen ekitaldia: txondorra erdian eta inguruan hogeita hamar bat laguneko kuadrilla prest zegoen lanerako. Txalapartaren ttakunaren erritmoan hasi zen bakoitza bere zereginetan: betegarriko egurrak prestatzen, egurra garraiatzen, leihatilak egiten, galbahean lurra pasatzen...
Txondorra piztu aurreko momentua, Jose Ramon Zubieta Motza taldekidea omentzeko baliatu zuten txondorgileek. 2025eko azaroaren 9an zendu zen eta «txondorrarekin eta txondorgileen txabola prestatzen egiten zuen lana» goraipatu zuten. Txoriak txori abestiaren erritmora, txondorretik txabolaraino katea osatu, egurrezko ohol bat eskuz esku pasa eta Aitor Lujanbio Motzaren lankideak zintzilikatu zuen txabolako atarian. Motzaren txabola irakur zitekeen bertan. Keinu honekin, ikazkinek txondorra zaintzen duten bitartean gaua pasatzeko eraiki duten etxolan toki berezia izanen du Motzak.
Emozioak dantzan, txondorra pizteko momentua ailegatu zen. Xabi Solano musikaria gonbidatu zuten eta berak izan zuen lehen txingarrekin sua emateko ardura. Gero, garai bateko ohiturak gogora ekarriz, Goizuetako Txondorra Elkarteko kideek zabaldu zuten sua. Bitartean, Eneko Bernaldo de Quirosek hainbat azalpen eman zituen. Txondorraren aldamenean, Xabi Solanori elkarrizketa bat egiteko aprobetxatu zuten eta galderak trikiti doinuekin erantzunez, kantuan jarri zituen bertaratu ziren guztiak. Ekitaldia, Goizuetako Zahagi dantzarekin borobildu zuten eta handik herri bazkarira joan ziren.
Auzolana
Hilabetetako lana dago txondorraren atzean eta «herriko historia ezagutarazi eta ondarea bizirik mantentzeko» proiektu sendoa dute esku artean. Garbiñe Makatzagak, Iratxe Errazkinek, Luzia Etxeberriak eta Eneko Bernaldo de Quirósek, bisita gidatuen taldeko kideek eman zituzten horri buruzko azalpenak. Gainera, ekimena posible egin duten babesleei ere emandako laguntza aitortu zieten: Ansa familiari, Apezetxeatarrei, Goizuetako Talogileei eta Elama Eraikuntzak enpresari oroigarri bana emanaz.
Txondorraren bihotzean egurra poliki-poliki ari da egosten. Pare bat astez segiko dute txondorra egurrez ase eta sua zaintzen. Goizuetako historia berpiztu eta pasarte berriak idazten.