LeitzEKO Kontsumo Taldeak batzarra eginen du ostegunean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 5a

Hamabi urtez aritu dira talde eragilekoak lanean eta erreleboa eskatu dute.

Kontsumo taldearen etorkizuna zein izanen den erabakitzeko, ez ohiko batzarra antolatu dute Aurrera elkartean 19:00etan.

Leitzako kontsumo taldeak 2014an hasi zuen bere ibilbidea eta urte hauetan guztietan, «tokian tokiko, modu justu, jasangarri eta osasuntsuan kontsumitzeko bideak» landu dituzte. Hamabi urteko jardunak askorako eman du: «70 bazkide titular ditugu LeitzEKO Kontsumo Taldean eta 200 bat lagunengana iristen gara». Hainbat dinamika landu dituzte: hileroko eskaintza, tar tar kar, komunikazio taldea, Kikilisalda, Elikadura mahaia, eskualdeko eta bertako produktuen azokak... eta ekoizle eta herritarren arteko sareak bultzatzen ere ahalegindu dira.

Hori lortzeko, talde eragileko kideak aritu dira lanean  eta «eman beharrekoa eman» dutela iritzita, «errelebo aldaketa egiteko garaia» dela adierazi dute. Lekukoa hartzeko prest legokeenik badagoen arren, «gauzak ongi egiteko jende gehiagoren parte hartzea» beharko litzatekeela azaldu dute: «Horrela ez balitz, kontsumo taldeko egitura deseginen litzateke».

Taldearen etorkizuna denen artean erabakitzeko, ez ohiko batzarra antolatu dute maiatzaren 7an. Aurrera elkartean bilduko dira, 19:00etan. Hausnarketa «elkarrekin egitea» eskatzen dute: «Batzar horretan zirt edo zart egitea erabakiko da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun