Zentral eolikoak eskualdean

Ikatz Gane proiektuaren aurka 3.512 helegite aurkeztu ditu Urumeako Mendiak Bizirik plataformak

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 4a

Urumeako Mendiak Bizirikeko kideak, apirilaren 30ean.

Apirilaren 30ean aurkeztu zituzten helegiteak Eusko Jaurlaritzaren egoitzan eta jasotako babesa eskertzearekin batera, gogorarazi dute helegiteak aurkezteko epea maiatzaren 4ra arte dagoela zabalik.

Martxoaren 23an  Endesak, Enigma Green Power enpresaren bidez, Ikatz Gane proiektua aurkeztu zuenetik, «denboraren kontra» lanean aritu dira Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideak. Hainbat boluntariok egindako lanak proiektu honen atzean dagoen «manipulazioa, informazio-eskasia eta atzera bueltarik gabeko kalteak salatzeko» balio izan duela azaldu dute. Erraza izan ez den arren, «aberasgarria» izan dela aitortu dute: «Elkartu gara, izugarrikeria honen aurrean, horrelako ereduak ez ditugula nahi esateko. Ez hemen, ez inon». Ikatz Gane bezalako ereduek «eraiki baino, suntsitu» egiten dutela uste dute: «ez gaudelako prest edozer gauza edozeinen eskutik edozein lekutan eta edozein modutan egitea onartzeko». Are gutxiago, horrek onurarik ekartzen dietela entzuteko:«Etekinak aurretik ere aberasten ari diren enpresentzako direla garbi uzten dute. Maite duguna eta gizarte bezala behar duguna txikitzetik eraiki nahi dute 'irtenbide berdea' deitu nahi dioten hori».

«Dirua, porlana eta kanpo interesak dituzte helburu, eternalki argindarren hornituko gaituzten promesan»

Urumeako Mendiak Bizirik plataformak salatu du proiektuak ez dituela aintzat hartzen «inguruko bizilagunen iritzia eta eremuaren korridore ekologiko izaera». Haien ustez, «dirua, porlana eta kanpo interesak» dituzte helburu «eternalki argindarrez hornituko gaituzten promesan». Proiektuak xehetasun teknikoak eta egin beharreko inbertsioak nabarmendu, baina ondorioak ezkutatzen dituela salatu dute: «jasotzen du 112 metroko altuerako bost aerosorgailuren eraikuntza, 30 kiloboltioko sekzionamendu-zentroa eta 7,425 kilometroko aireko eta lurperko linea elektrikoa. Jasotzen du obra gauzatzeak duen aurrekontua: 40,7 milioi euro. Ez ditu jasotzen, aldiz, handik metro gutxira Repsol enpresak eraiki nahi duen parke eolikoaren inpaktua, azpian gelditzen den Arano herriak izanen dituen kalteak, edo makroproiektu bat eraikitzeak sortuko dituen ondorioak tamaina horretako piezak mendian gora igotzeko eraikiko dituen bideekin».

Ezinegona eta ezezkoa

Proiektua bertan behera gelditzeko eskatuz, 3.512 herritarren «ezinegona eta ezezkoa» aurkeztu zuten apirilaren 30ean: «3.512 herritarren eskaera, Ikatz Gane geldiarazteko. 3.512 herritarren baldintza, energia auziaren irtenbideak herriarekin eta ingurugiroari begira har daitezen, eta ez enpresa dirudunen poltsikoei begira».

Helegiteak aurkeztearekin batera, eskerrak ere eman nahi izan dituzte Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideek: «Hilabeteko epean babesa eskaini diguzuen guztiei, helegiteak sinatu dituzuenei, zabalpenean lagundu duzuenei, zuen espazioetan sinadurak jasotzen ibili zaretenei eta gaia ahalik eta jende guztiarengana iristea ahalbidetu duzuenoi. Eskerrak eman nahi dizkizuegu, baita ere, zuen eskutik helegitea zuzenean aurkeztu duzuen guztiei ere, badakigu batzuk izan zaretela eta». Era berean, gogorarazi dute maiatzaren 4era arte epea zabalik dagoela: «oraindik egin ez duena bertaratzera animatu nahi dugu, helegiteak Donostian, Andia kaleko 13. zenbakiko bulegoetan edo zuen herriko (edozein herri) udaletxean aurkeztuz». Makroproiektuen aurka sortu den herri mugimendua ere goraipatu nahi izan dute: «Eskerrak eman nahi dizkiegu, erabateko modu inposatuan eta ustiatzailean eraiki nahi dituzten makroproiektuen aurka Euskal Herri osoan altxatzen ari zareten beste borrokei, indarra ematen diguzue eta inspirazio zarete». Erresistentziarako deia egin dute: «Manten ditzagun Urumeako Mendiak Bizirik! Jarrai dezagun proiektu txikitzaileen aurrean erresistentzian! Makroeolikorik ez! Mendiak ez du barkatuko!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun