Leitzako Herri Aretoan helduentzako zinema eskaintza izanen dute asteburuan

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 1a

Nazioarteko hainbat sari eskuratu ditu 'Un poeta' filmak.

Maiatzaren 2an eta 3an Un poeta filma emanen dute 17:00etan eta Todo lo que fuimos, 19:30ean. Azken hau, jatorrizko bertsioan eskainiko dute bi egunetan gaztelaniazko azpitituluekin.

Un poeta Simon Mesa Soto Kolonbiako zinema zuzendariaren komedia dramatikoa da. Poeta kolonbiar baten istorioa kontatzen du filmak; frustratua bizi da, baina baliteke gazte batek esperantza itzularazi izana. Cannesko zinemaldian epaimahaiaren saria jaso zuen filmak eta ondotik, beste bost sari irabazi ditu Simon Mesaren filmak; tartean, Donostiako Zinemaldian Horizontes Latinos sailean jasotakoa. Gainera, filmak harrera paregabea izan du aretoetan eta inoizko film kolonbiarrik arrakastatsuenen zerrendan kokatu da. 

Todo lo que fuimos filmak Palestinako gatazka du hizpide. Bere familiaren bizipenetan oinarritu da Cherian Dabis zuzendaria. 1948an 700.000 palestinarrek sufritu behar izan zuten exodoa da filmaren ardatza eta belaunaldein arteko harremanetan oinarrituta, bizi gabeko iragan bat oinordetzan jaso daitekeela erakusten du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun