Goizuetako Udalak animatu eta izena emateko deia egin die herritarrei: «Benetan herrian bizi nahi baduzu eta horren aldeko apustua egiteko prest bazaude, orain da momentua». Hilabeteak daramatza udalak proiektua lantzen. , 2025eko ekainean egin zuten lehenbiziko herri batzarra: Goizuetan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko aukera mahai gainean jarri eta herrian zegoen interesa neurtzeko. Hogei bat gaztek erakutsi zuten orduan interesa. Abuztuan elkartu zen udala beraiekin eta geroztik, proiektua non egin aztertzen aritu dira: zein lursail izanen zen egokiena, proiektuaren baldintzak, etxebizitzen kooperatiba baten sorrera...
Apirilaren 27an egin zuten azkeneko herri batzarra eta «aurrerapauso garrantzitsuak eman» dituztela azaldu zuten: «lurjabeekin akordioa ixtera goaz. Momentuz, 18 etxebizitza egitea aurreikusten dugu, baina jende gehiagok izena eman eta babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko izan behar diren baldintza guztiak betetzen badituzte, gehiago egiteko aukera ere azter daiteke». Goizuetako Udaleko ordezkariekin batera, Nasuvinsako eta Habitabideko kideak izan ziren bileran: «Herritarrek beraien zalantzak argitzeko aukera izan zuten». Proiektuan parte hartu nahi dutenek, maiatzaren 8ra arte izanen dute izena emateko aukera.