Maiatzaren 1ean, 12:00etan piztuko dute herritarrek mimoz prestatu duten txondorra. Piztuera ekitaldi berezia izanen dela aurreratu dute: «aurten zendu den Motza taldekideari omenaldi txiki bat eskaini nahi diogu». Txondorra pizteko ardura Xabi Solanok izanen du: «Harreman estua izan du beti herriarekin eta Goizuetaren izena munduan zehar zabaldu izana saritu nahi diogu».
2023an bezalaxe, Txino auzoko lursail batean egin dute txondorra: «Ansa familiak uzten digu horretarako lursaila eta oso eskertuak gaude».
Txondorra piztu ondotik, 14:00 aldera, herri bazkaria eta arratsaldean zehar txondorrari betegarria emanen diote. Bazkarirako txartelak Amaia kafetegian jarri dituzte salgai. Langileek 20 euro eta ikasle eta langabetuek 18 eurotan eskura ditzakete.
Txondorrean piztutako sua, biharamuneko festarako txinparta izanen da. Maiatzaren 2an, Txinoko festak ospatuko dituzte. 11:00etan umeentzako jokoak antolatu dituzte, 12:00etan txupinazoa eta ondoren, dragoia atera eta herriko trikitilariek alaituko dute giroa. 13:00etan txorizo egosi pintxoak banatuko dituzte. 17:00etan Umore Ona dantza taldearen emanaldia izanen da. 18:30ean Txondor plaza antzezlana eskainiko du Argi Malutak taldeak. 19:30ean bertso saioa eta 20:15ean erromeria izanen da Dani eta Ainararekin.