Sagardui-Gaminde, egungo binakako txapeldunek, ordu bete eta bost minutu behar izan zituzten euren finalerdia gainditzeko eta Ruiz de Infante-Erasunek ia ordu eta hogei minutu, tanto ikaragarri luzeko bi partidetan.
Lehen finalerdian lau pilotariak maila onean aritu ziren, baina azkenerako Sagardui-Gaminderen estrategiak euren saria izan zuen. Aurreko koadroetan Laia Salsamendi ekidin eta jokoa atzean kargatzeko hautua egin zuten egungo binakako txapeldunek eta partida gogortuz joan zen neurrian, Ane Mendiburu akatsak egitera behartu zuten eta planak etekin ona eman zien, nahiz eta lana erruz egin behar izan zuten.
Are gogorragoa suertatu da Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Miriam Arrillagak, Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Itsaso Erasunen kontra jokatu zuten finalerdia. Lehia ikaragarri gogor eta orekatua izan zen bigarren hau, hamarna, hamabina, hamaseina, hamazazpinako eta hemeretzinako berdinketak izan zituena. Partidaren azken txanpan, garaipena edozein aldeetara eror zitekeen, baina Ruiz de Infantek lan ona egin zuen, Erasunek ongi lagundu zio eta beste aldean, Miriam Arrillagak pare bat huts egin ditu eta garaipenak ihes egin zien aginagarrari eta Zabaleta leitzarrari.
Gauzak horrela, final ikusgarri eta lehiatua espero da hurrengo igandean Labrit pilotalekuan.