LeitzEKO Kontsumo Taldearen etorkizunari buruz hitz egiteko batzarra antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 24a

Hamabi urtez aritu dira talde eragilekoak lanean eta erreleboa eskatu dute.

Maiatzaren 7an, ostegunean, 19:00etan elkartuko dira Aurrera elkartean.

Leitzako kontsumo taldeak 2014an hasi zuen bere ibilbidea. Orduan sortu zuten ofizialki irabazi asmorik gabeko elkartea. Hamabi urte hauetan elikadura burujabetza izan dute helburu: «lehen urratsetatik tokian tokiko, modu justu, jasangarri eta osasuntsuan kontsumitzeko bideak landuz». Ez dira gutxi talde eragileko kideek urte hauetan erein dituzten haziak, baina «eman beharrekoa eman» dutela iritzita, «errelebo aldaketa egiteko garaia» dela adierazi dute. Lekukoa hartzeko prest legokeenik badagoen arren, «gauzak ongi egiteko jende gehiagoren parte hartzea» beharko litzatekeela azaldu dute: «Horrela ez balitz, kontsumo taldeko egitura deseginen litzateke». Taldearen etorkizuna denen artean erabakitzeko, ez ohiko batzarra antolatu  dute maiatzaren 7an. Aurrera elkartean bilduko dira, 19:00etan. Hausnarketa «elkarrekin egitea» eskatzen dute: «Batzar horretan zirt edo zart egitea erabakiko da».

70 bazkide titular ditu LeitzEKO Kontsumo Taldeak eta 200 bat lagunengana iristen dira. Hainbat dinamika landu dituzte: hileroko eskaintza, tar tar kar, komunikazio taldea, Kikilisalda, Elikadura mahaia, eskualdeko eta bertako produktuen azokak... eta ekoizle eta herritarren arteko sareak bultzatzen ere ahalegindu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun