«Txistularia eta musikazalea», halaxe definitu du bere burua Leire Retegi Fernandez leitzarrak. Zazpi urterekin hasi zen txistua ikasten eta geroztik, doinuekin jolasean, partitura artean osatu du bere bidea: «Aralar musika eskolako ikaslea izan nintzen eta 12 urterekin Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan egin nituen erdi mailako ikasketak. Handik, Musikenera joan nintzen goi mailako ikasketak egitera». Txistu irakaslea da orain eta aitortu du musika ikasketak ez direla behin ere bukatzen: «Ikasketa etengabea da». Tolosako udal musika eskolan eta Soinuenean ematen ditu klaseak, pianoko erdi mailako ikasketak ere ari da egiten eta ikerketan ere badabil: «gustuko tokian aldaparik ez da izaten».
Hala ere, aitortu du konstantzia handia eskatzen duela: «Sakrifizio hitza erabiltzen dute batzuk, baina ez dut gustuko. Hotza iruditzen zait. Gu hemen, nahi dugulako, gustuko dugulako ari gara. Beti argi izan behar da bide bat aukeratzeak, beste batzuk alde batera uztea dakarrela». Berak ez du damurik: «Behin ikasketak bukatuta, nik uste, zorte handia dela gustuko duzun horretan aritu eta egunerokoa eskaini ahal izatea».
Leitzako dantzarien saioetan, festa giroan... hamaika ekitalditan jotzen du Retegik eta aipatu du plaza giro hori izan zela, akaso, berari grina piztu ziona: «Igandetan Leitzako plazan arratsaldero txistua aditzen nuen eta festetan gure balkoipetik txistulariak pasatzen ziren. Beti atentzioa deitu izan dit».
«Leitzako txistu doinuak plazan, belaunaldiz belaunaldi, elkarri adituz ikasi ditugu»
Txistua Leitzan
Leitzan txistulariak beti egon direla nabarmendu du Retegik: «Ez zaio txistua jotzeari inoiz utzi. Gaur egun ere, badago tradizio horri eusten dion txistulari talde bat». Etorkizunean, «taldea mantendu eta txistulari gazteei ere bidea irekitzea» garrantzitsua dela uste du: «txistulariak behar diren momentuetan jotzea. Nik uste, guk gure partetik hori egin eta herrian txistuari tokia egin eta, orain arte bezala zaintzen bada, ez goazela bide txarretik».
Transmisioa
Karriketan jotzen dituzten doinu asko belaunaldiz belaunaldi pasa dira: «Nire ustez, polita da ikustea Leitzan pieza asko belarriz ikasi ditugula. Angel Alduntzinek erakutsi zizkien plazan gaur egun gurekin jotzen duten batzuei. Eta haiei entzunez, ikasi dugu guk ere». Haria etengo ez denaren esperantza du: «Espero dut hemendik urte batzuetara beste batzuk gurengandik ikastea».
Leitzarren artean ezaguna den doinu bat bada, hori Ingurutxoa da eta mendeurren berezi batek eman du horren bueltan kontzertu bat antolatzeko aitzakia: «Aurten ehun urte beteko dira Ingurutxoaren doinuak lehen aldiz paperean jaso zirenetik. Ebaristo Elduaien, Leitzako txistularia gogoan, emanaldi berezia antolatu dugu». Istorio berezia ekarri du gogora: «1926ko santiburtzioetan, Ebaristo Elduaien ingurutxoa jotzen ari zen plazan. Kortea etxera, etorria zen Hilario Olazaran izeneko apeza. Hilario oso musikagile ona zen eta Ebaristo txistua jotzen aditu zuenean, pentsatu zuen doinu horiek ezin zirela txistulari horrekin batera galdu. Paperean jaso, pianorako eta txisturako armonizazio bat egin eta liburuxka bat osatu zuen istorioa gordez». Horri esker, Leitzako Ingurutxoa «oso-osorik gordea» gelditu zen.
Kontzertua apirilaren 24an
Apirilaren 24ko kontzertuan «Ingurutxo doinu horiek eta Nafarroako danbolinteroen errepertorioa eskainiko dugu». Leire Retegi, Jose Ignazio Ansorena, Xanti Nazabal eta Agustin Laskurain igoko dira, herri aretoko oholtzara eta Retegik aitortu du kontzertua opari bat izanen dela: «niretzat, Leitzako txistularientzat, baita edozein txistuzalerentzat ere». Txistua bestelako molde batean aditzeko aukera izanen da: «Beste errepertorio edo giro batean. Txistularien errepertorio tradizionala izanen da, baina txistu taldeak eskainia. Lehenbiziko eta bigarren ahotsak, silbotea eta atabala joko ditugu». Herritar guztiei egin die bertaratzeko gonbidapena: «Aberasgarria izanen da eta entzuleek guk oholtzan bezainbeste gozatzen badute, ziur gustuko izanen dutela».