Torturaren biktimak oroitu eta aitortzeko ziklo bat antolatu dute Nafarroako Mendialdean

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 22a

Maiatzaren 15etik 31ra 'Tortura Mendialdean: egia, aitortza, erreparazioa' zikloa antolatu dute.

1976ko apirilaren 21ean atxilotu eta torturatu zuten Amparo Arangoa Satrustegi leitzarra. 50 urte bete ziren atzo eta Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor elkarteak urteurrena baliatu zuten Nafarroako Mendialdean antolatu duten zikloa aurkezteko.

Maiatzaren 15etik 31ra hainbat ekitaldi antolatu dituzte Leitzan eta Lekunberrin. Helburua,  «azken hamardaketako inpunitatearekin bukatu, torturaren errealitatea argitara atera eta tortura pairatu duten herritarrei aitortza» egitea dela azaldu zuten antolatzaileek.

50. urteurrena

1976ko apirilaren 21ean torturatu zuten Amparo Arangoa. ORTko militantea zen eta Leitzako Sarrio paper lantegian lanean ari zela Guardia Zibilek atxilotu, Tolosako kuartel etxera eraman eta bortizki jipoitu zuten. Arangoa Euskal Herrian erregistratutako milaka tortura kasuetako bat da, baina Javier Yaben argazkilariak ospitalean atera zizkion argazkiek aukera eman zuten errealitate hori gizarteratzeko. Zeruko Argia aldizkarian argitaratutako zituzten irudiak eta nazioarteko hainbat hedabidetan izan zuten oihartzuna. Horrela, Arangoa torturaren aurkako sinbolo bilakatu zela azaldu zuen Jon Arangoa Amparoren ilobak: «Amparok begiak zabaldu zizkien hori ukatzen zutenei, bere gorputzaren erakustaldi ausart harekin. Horrela bilakatu zen Amparo torturaren aurkako sinbolo».

«Mendialdean 50 tortura kasu baino gehiago identifikatu ditugu»

Arangoaren kasua ez dela isolatua nabarmendu eta azken hamarkadetan Mendialdean «50 tortura kasu baino gehiago» identifikatu dituztela ere adierazi zuten: «Leitza, Larraun, Lekunberri, Goizueta, Araitz, Betelu eta Aresoko herritar ugariren giza eskubideak larriki urratuak izan dira Espainiar Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako torturen ondorioz». Hain zuzen, horiek guztiek «egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko bermerako eskubidea» dutela azaleratu nahi dute ziklo honen bidez.

Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala dagoeneko jaso dute eskualdeko bi torturatuk. 2025eko azaroan jaso zuen Jose Maria Alemanek, giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortza eta urte bereko abenduan onartu zion ofizialki Nafarroako Gobernuak Amparo Arangoari torturaren biktima izaera. Bide horretan, urrats gehiago emateko eskaera egin zuten «Espainian sistematikoki» torturatu dela aitortzeko: «Garrantzitsua iruditzen zaigu errealitate hau gizarteratzea, gizarte eta memoria demokratikoaren eraikuntzan beharrezkoa delako Espainiako Estatuko indar polizialek egindakoak argitara ateratzea». Horrekin batera aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak ere eskatu zituzten: «zergatik torturatu zituzten argitzeko garaia da, metodo krudel horren aplikazioa noren aginduz ahalbidetu den, nork eta nola baimendu zuen jakiteko garaia da, erantzukizun publikoak hartzekoa, eta, batez ere, inpunitatea amaitzekoa. Aitortzarako garaia da, aitortza politiko eta sozialerakoa».

Zikloa

Maiatzaren 15ean, 19:00etan, Larraungo Gabari Gune Irekian hasiko da zikloa, Arg(h)itzen dokumentalaren emanaldiarekin. Maiatzaren 22an, 18:30ean, Amaia Izko abokatuak eta Iñaki Egaña historialariak Tortura: begirada historiko eta judiziala solasaldia eskainiko dute Leitzako udaletxean. Maiatzaren 31n aitortza ekitaldia eginen dute Leitzako Herri Aretoan, 12:00etan, Minek ez gaitzatela lotu, jarrai dezagun hegan izenburupean. Herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia: «askatasuna oihukatuz, mintza gaitezen tortura sufritu dutenen alde, beraien giza eskubideen alde».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun