Nafarroako akordeoilarien topaketa Leitzan ospatuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 22a

2025ean Elizondon egin zuten topaketa.

Nafarroa osoko 80 bat akordeoilari elkartuko dira egun osoko festan

Akordeoi doinuak ozen adituko dira apirilaren 25ean Leitzan. Nafarroako hainbat txokotatik etorritako 80 bat akordeoilariren topaleku izanen baita. Festa 11:00etan hasiko da eta eskolako jantokitik abiatuta, kalejiran joanen dira herriko plazara. 12:00 aldera ongietorria egin eta gero, kalez kale ibiliko dira. Kalejira eskolako jantokian bukatuko dute 14:00etan eta bazkaria 14:30ean hasiko da. Bazkalondoan hainbat saski zozketatuko dituzte. 17:00etan kontzertuak izanen dira jantokian eta 18:00etatik aurrera akordeoilariak herriko tabernetan joz ibiliko dira. 2011n antolatu zuten lehenbizikoz Nafarroako akordeoilarien topaketa eta geroztik urtero egin dute, «Nafarroako kulturan akordeoiari merezi duen lekua eman eta jai eta herri bileretan jotzeko tradizioari eusteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun