Alize Sagardui goizuetarra eta Goiuri Zabaleta leitzarra Nafarroako Irekiaren finalerdietan izanen dira

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 20a

Bergara, Aldai, Gaminde eta Sagardui igandean Vianan. Gorriek garaipena eta finalerdietarako txartela eskuratu zuten.

Mendabia eta Vianan jokatutako asteburuko jardunaldi bikoitzaren ondotik, Emakume Master Cup zirkuituko Nafarroako Irekiak ezagutzen ditu dagoeneko datorren igandean Lodosako pilotalekuan jokatuko diren finalerdietan arituko diren lau bikoteen izenak. Alde batetik, Salsamendik eta Mendiburuk, Alize Sagardui goizuetarrarekin eta Gaminderekin neurtuko dituzte indarrak eta bestetik, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Arrillagak, Ruiz de Infanterekin eta Erasunekin borrokatuko dute finalerako azken txartelaren bila.

Lehen faseko azken partidei dagokionez, larunbatean Mendabian Ruiz de Infantek eta Erasunek 22-19 irabazi zieten Etxegarairi eta Mendizabali.

Jaialdia hasteko jokatu zen gazte mailako partidako lau pilotariak eskualdekoak ziren eta Joana Iratzoki igantziarrak eta Amaiur Martinez lesakarrak 18-17 irabazi zieten Garazi Imaz leitzarrari eta Dunixe Alberro iturendarrari.

Gazte mailako pilotariak Mendabian: Garazi Imaz, Dunxie Alberro, Joana Iratzoki eta Amaiur Martinez.


Igandeko Vianako Txapelketako partidan, berriz, Alize Sagardui goizuetarrak eta Gamindek, egungo binakako txapeldunek eskuratu zuten garaipena, Aldai-Bergarari 22-16 gailenduta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun