Zentral eolikoak eskualdean

Ikatz Ganeren kontrako helegiteak apirilaren 24ra arte bilduko dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 20a

Aranon hainbat ekimen egin dituzte Ikatz Gane proiektuaren kontra.

Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarria du Ikatz Gane proiektu eolikoa eta irekia dago helegiteak aurkezteko epea. Azken txanpako olatuari eutsi eta 2.500 helegite aurkeztera ailegatu nahi dute Urumeako Bizirik taldekoak.

Endesa enpresak Hernaniko lurretan, baina Aranotik gertu egin nahi duen makroproiektu eolikoa «lotsagabekeria hutsa» dela salatu du behin eta berriz Urumeako Mendiak Bizirik taldeak eta «balio handiko natur eremuak defendatzeko» deia egin du. Bost aerosorgailu jarri nahi dituzte, 200 bat metroko altuerakoak eta 4,99 megawattekoa bakoitza. 

«Proiektuarekiko desadostasuna» adierazteko zirrikitu guztiak baliatu nahi ditu Urumeako Mendiak Bizirik taldeak. Helegite herritarra prestatu dute eta sinadura bilketa jarri dute martxan. Babes zabala jaso dutela adierazi dute eta oso eskertuta daude: «apirilaren 13rako 1.815 sinadura bildu ditugu, baina ez dugu konformatu nahi. Apirilaren 24ra arte jasoko dituzte helegiteak».  Apirilaren 23an Hernaniko azokan egonen dira eta online bete nahi duenak, dokumentua hemen deskargatu eta umbizirik@gmail.com helbidera noiznahi bidal dezake. Horretaz gain, eskualdean, Goizuetako Amaia kafetegian eta Leitzako Maimur liburu dendan jarri dituzte sinatzeko orriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun