Leitzako Atekabeltz herrigunea bizirik dagoela ospatzeko, Atekatu astea antolatu dute. 2005ean okupatu zuten ordura arte kuartela zen eraikina. Handik bost urtetara, 2010ean, sortu zuten Atekabeltz elkartea eta geroztik, auzolana oinarri, herriko hainbat eragileren aterpe da eraikina. Denak festa giroan elkartu eta herritar guztientzat irekiko dituzte apirileko laugarren astean ateak.
Apirilaren 21ean, asteartean, soinu eta argi teknikari ikastaroa eskainiko dute 18:00etatik aurrera. Apirilaren 23an, ostegunean, ate irekien jardunaldia eginen dute. Gune irekia eta anitza da Atekabeltz. Herriko hamabi eragilek dute txokoa bertan: Gazte asanbladak, Ernaik, Liñuputzu bolillerak, Zeramika taldeak, Leitzako bertso eskolak, eskalada taldea, Habelarte baserritarren elkarteak, LeitzEKO kontsumo taldeak, Lañaidek talde feministak, Serigrafia taldeak, Argi eta soinu teknikarik eta Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak. Egun horretan, Atekabeltz etxea bete eta eragile guztiak bertan izatea da asmoa. Herritarrei Atekabeltzen parte diren eragileak eta egiten duten lana ezagutarazi nahi diete. Ate irekiak 18:00etan hasiko dira eta bukaeran luntxa izanen da.
Apirilaren 25ean, larunbatean, Ateka Eguna ospatuko dute. Bermuta hartuko dute 13:00etan eta 13:30etik aurrera, topa egin eta Babua clown ikuskizuna ikusteko aukera izanen da Konpainia Atonito teatro taldearen eskutik. 14:30ean bazkaltzeko elkartuko dira. 18:00etatik aurrera musikarik ez da faltako. Harat eta Braulio taldeek kontzertua eskainiko du eta segidan, Planto eta Kamaleoi DJ ariko dira.