Pasa den urteko arrakasta gogoan dute oraindik antolatzaileek; dortsalak agortu eta 500 parte hartzailetik gora izan ziren. Apirilaren 18an eginen dute Leitzako Herri Krosaren 44. edizioa eta 16:30etik aurrera haur, gazte eta helduak ariko dira lasterka. Benjamin mailakoek, 2023 eta 2016 artean jaiotakoek, 800 metro egin beharko dituzte. Gaztetxoek, 2015 eta 2011 artean jaiotakoek, bi kilometro eta erdi, eta maila absolutuan bi luzera izanen dituzte aukeran, bost kilometro edo hamar kilometroko itzuliak. Benjamin mailako izena ematea dohainik izanen da. Gaztetxoek egunean bertan eman beharko dute izena eta bost euro ordaindu. Helduek, aldez aurretik egin dezakete izen ematea: Aurrerako bazkide direnek 13 euro eta bazkideak ez direnek 15 ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan ere izanen dute izena emateko aukera, 15:30etik 17:00etara Aurrera Elkartean: bazkideak ez direnek 17 euro eta bazkideek 15 euro ordainduta.
Erronka hirukoitza
Iaz bezalaxe, erronka berezia luzatu dute Kirol Mankomunitatetik. Lekunberri, Betelu eta Leitzako krosetan parte hartu eta erronka hirukoitza osatzen dutenek, sari bereziak eskuratzeko aukera izanen dute. Gainera, seiko talde mistoa osatzen duten leitzarrek, axuria lortzeko aukera ere izanen dute, lasterketa antolatzaileek zehaztutako denbora eta baldintzetan bukatzen badute.
Festak segida
18:45ean hasiko da sari banaketa plazan. 19:30ean Food Truck-a martxan jarriko dute eta taberna ere irekiko dute. 21:00etan Errege kopako partidua zuzenean eskainiko dute karrapean jarriko duten pantaila batean. 23:30ean Zaze DJ ariko da Aurreran eguna borobiltzeko.