Pozarren dago Alize Sagardui Lekuona eta ez da gutxiagorako. Hamalau urterekin elite mailan aurreneko txapelketa jokatu eta zapela beltza eskuratu du. Etorkizunean ere, pilotakadaz pilotakada, ikasten eta disfrutatzen segitzea du helburu: «Frontoian gozatzea da nire asmoa, mailari eustea eta tartean zapelen bat gehiago etortzen bada, ongietorria izanen da». Goizuetako pilotari emariak, badu gogoan hartzeko beste izen bat.
Martxoaren 22an, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu zuen Emakume Master Cupeko binakako finala. Enara Gaminderekin osatu zuen bikotea eta esker hitzak ditu beretzat: «Gozada bat izan da Enararekin jokatzea. Asko babestu nau eta halako laguntza edukitzea oso garrantzitsua izan da niretzat».
Goi mailan lehiatzeko aukera ongi merezita ailegatu zaio Sagarduiri: «Emakume Master Cupeko promesa mailan lau eta erdiko txapela irabazi nuen iazko abenduan eta goi mailan aritzeko aukera eman zidaten. Ez nuen inondik espero halako aukera bat emanen zidatenik eta sorpresa ederra izan zen».
«Frontoian gozatu eta ikasten segitzea da nire asmoa»
Sorpresa eta erronka ere bai. «Banekien goi mailari neurria hartzea ez zela erraza izanen. Gustura nago, txapelketan behetik goiti egitea lortu dudalako».
Finalaren oroitzapen goxoa du oso: «Harmailetara begiratzean, dena betea zegoen. Jende asko joan zen herritik eta ederra izan zen frontoia horrela ikustea». Zapela janztean, lehertu ziren emozio guztiak: «Finalera ailegatzea zen nire helburua eta hori lortuta pozik nengoen. Zapela lortzea ohorea izan zen eta bertan zeuden herritar guztiekin ospatu ahal izatea zoragarria».
Umetatik pilotan
Pilota eskolan sei-zazpi urterekin hasi bazen ere, aurretik hamaika ordu pasa ditu frontoian «aita eta anaiarekin joaten nintzen pilotan ibiltzera». Afizioa familiatik datorkiola azaldu du: «Aitona pilotan ibiltzen zen eta osaba eta anaia ere bai. Anaiak asko bultzatu zidan pilotan ibiltzera».
Goizuetan sekulako tradizioa dago pilotarako, baina ez dira neska asko pausoa ematera animatzen direnak: «Kalean lagunekin aritu bai, baina pilota eskolan apuntatu eta txapelketetan parte hartzen dutenak oso gutxi izaten dira». Argi zuen, ordea, Sagarduik zein zen bere nahia: «Ni txikitatik mutilekin entrenatu izan naiz. Aranoko Araitz Legarreta eta biok ginen bere garaian neska bakarrak».
Badirudi, ordea, beste herrietan gauzak zertxobait aldatzen ari direla: «geroz eta neska gehiago ikusten dira frontoietan eta orain Emakume Master Cupek hamar urte bete dituela ikusita, ea jende gehiagori ere pizten zaion gogoa».
Emakume pilotariak
Herrian emakume erreferenterik ez bazuen ere, telebistan txikitatik ikusi ditu emakumeak pilotan: «Enara Gaminde, Olatz Agirrezabalaga, Leitzako Goiuri Zabaleta... Horiek guztiak izan ditut erreferente eta sinestezina da niretzat, beraiekin pilotan jokatzen aritzea». Hurrengo belaunaldiek ere maila polita dutela uste du: «Etorkizuna ikusten diot emakumeen pilotari. Uste dut gauza ederrak bizitzeko eta ikusteko aukera izanen dugula».
Erronkak ere gustuko ditu Sagarduik. Beti egon da esku huskakoari lotuta, baina One Wall modalitatean ere ibili izan da. Belgikan izan zen iazko irailean euskal selekzioarekin eta apirilaren 6tik 12ra Munduko Txapelketa jokatzen ari da Argentinan.
Etorkizuna
Goi mailan hasi besterik ez da egin eta helburua, «ahalik eta maila onena hartzea eta onenekin egonkortzea» dela azaldu du. Horretarako, entrenamenduak eta ikasketak uztartu behar izaten ditu: «Villabonara joaten naiz astean behin entrenatzera eta bertan elkartzen naiz goi mailako hainbat pilotarirekin: Mendizabal, Zabaleta, Arrillaga… beste entrenamendua Goizuetan egiten dut eta fisikoa lantzeari ere garrantzia ematen diot». Zalantzarik gabe dio bere etorkizuna «pilotari lotuta» irudikatzen duela, «gogotik saiatuko naiz entrenamenduetan hobetu eta bide honi eusten».