Apirilaren 11n, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izanen da Leitzako Torrea tabernan. Rock doinuak izanen dira nagusi, Lukiek eta Sodade musika taldeen eskutik. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira eta sarrera sei euro ordaindu beharko da.
Lukiek musika talde bizkaitarrak duela hamar urte eskaini zuen lehenbiziko kontzertua. Rock alternatiboan ari dira, baina musika estilo bakar baten sailkatzea ez da erraza, musika mota askotatik edaten duen taldea delako. Grunge soinu gordinak, erritmo psikodelikoak, rock klasikoaren influentziak, post-punkaren soinu bitxiak edota gaur egungo traparen autotunea aurki ditzakegu beraien abestietan.
Sodade musika taldekoak etxean ariko dira. 2020an sortu zuten taldea Julen Ceballos, Gaizka Leiza eta Jokin Baucis leitzarrek.