Karrape Irratiko edukiak ERRAN.EUSen entzuteko aukera izanen da

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 26a

Astelehenetik ostiralera, hiru ordu eta erdiko zuzeneko saioa egiten dute Karrape Irratian. Bertako edukiak nahieran entzuteko aukera izanen da aurrerantzean.

Karrape irratiko elkarrizketak, kolaborazioak, mahai inguruak... ERRAN.EUSen nahieran entzuteko aukera izanen da aurrerantzean. Ttipi-Ttapa Fundazioak eta Karrape irratiak hitzarmena sinatu dute eta, ERRAN.EUS atariaren barrenean, Karrape irratiko podcastak atala sortu dute. 

Irrati programa bat bezalakoa da podcasta, baina nahieran entzutekoa. Hala, erabiltzaileek aukeratuko dute non eta noiz kontsumitu. Edozein unetan, play botoia sakatu eta zuzenean entzun ez duten saioaz gozatzeko edo gustuko izan duten saioren bat berriro entzuteko aukera izanen dute. 

Edukiak gaiaren arabera antolatuta, zazpi saio sortu dituzte. Karrapetik plazara atalean Mendialdeko edukiak izanen dituzte hizpide. Kulturarekin lotutako kontuak Kulturaz jantzi atalean landuko dituzte eta horiekin batera, Gaurkotasunari begira, Eskolako berriketak, Bizi osasuntsu!, Harmailetatik eta Uhinetik uhinera sarea atalak ere sortu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun