Leitzako Herri Kroserako izena emateko epea zabalik

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 25a

500 parte hartzaile baino gehiago izan ziren iaz.

Apirilaren 18an eginen dute Leitzako Herri Krosaren 44. edizioa

Benjamin mailakoek, 2023 eta 2016 artean jaiotakoek, 800 metro egin beharko dituzte lasterka. Gaztetxoek, 2015 eta 2011 artean jaiotakoek, bi kilometro eta erdi eta maila absolutuan bi luzera izanen dituzte aukeran, bost kilometro edo hamar kilometroko itzuliak. Benjamin mailako izena ematea dohainik izanen da. Gaztetxoek egunean bertan eman beharko dute izena eta bost euro ordaindu. Helduek, aldez aurretik egin dezakete izen ematea: Aurrerako bazkide direnek 13 euro eta bazkideak ez direnek 15 ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan ere izanen dute izena emateko aukera, 15:30etik 17:00etara Aurrera Elkartean. Azken orduan izena ematea erabakitzen dutenek zertxobait gehiago ordaindu beharko dute: 17 euro bazkideak ez direnek, eta 15 euro, bazkideek.

Iaz bezalaxe, erronka berezia luzatu dute Kirol Mankomunitatetik. Lekunberri, Betelu eta Leitzako krosetan parte hartu eta erronka hirukoitza osatzen dutenek, sari bereziak eskuratzeko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun