Gaminderen babesean, 22-17 irabazi zieten txapelketako partida guztiak irabaziak zituzten Arrizabalagari eta Bergarari
Txapelketan debuta egin duen Alize Sagardui, 14 urteko goizuetarrak eta Enara Gamindek (honek ere 18 urte besterik ez) 22-17 irabazi zieten txapelketako partida guztiak irabaziak zituzten Arrizabalagari eta Bergarari. Igandekoarekin, hiru binakako txapel jantzi ditu Laukizkoak eta, inolako zalantzarik bazen, egungo pilotaririk onena dela berretsi du, beste erakustaldi batekin. Arrizabalagak, aldiz, ezin izan du bere seigarren txapela eskuratu.
Lehen bi tantoetan ezkerrez arrimatutako bi pilota eraman gabe utzi zituen arren, Enara Gamindek partida bikaina jokatu zuen eta Laukizkoak jarritako erritmoan jokatu zen finala. Binakako berdinketatik aurrera, gorriak beti aurretik joan ziren markagailuan. 14 urterekin, Alize Sagarduik ez zuen urduritasunik nabaritu, ongi ulertu zuen garaipena atzean zegoela eta oso partida serioa jokatu zuen, eskuin eskua apur bat mindu zitzaion arren. Herritarren babesa ere izan zuen Astelenan, autobusa eta hainbat auto betez hurbildu baitziren Eibarrera.
Iazko arantza ateratzeko asmoz ziren Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara, partida guztiak irabazita, txapelketa perfektua eginda heldu dira finalera, baina egunik erabakigarrienean Enara Gaminde izugarri batekin egin zuten topo. Bere eskuinarekin partida hautsi zuen Laukizkoak (20-10).
Arriskuak hartuz, sake-errematean asmatuta, partidaren azken txanpan markagailua estutzea lortu zuen Arrizabalagak, partida lau tantora ekarriz (21-17), baina ordurako gorriek pilatutako aldea handiegia zen.
Gazte mailan ere, Garazi Imaz leitzarra txapeldun
Goizean Alize Sagardui eta Enara Gamindek bezala, Garazi Imaz leitzarrak eta Irati Benitok (gazte mailan) eta Uriarte-Galardik –promesetan– ere badakite zer den Eibarren txapelak janztea. Gainera, Astelenako harmailetan 300 lagun inguru zirela jokatu dituzte euren finalak igande arratsaldean, esperientzia oraindik aberasgarriagoa bihurtuz. Elite mailakoak bezala, arratsaldeko finalek ere erantzun bikaina izan zuten pilotazaleen aldetik.
Gazte mailako finalean, Garazi Imaz leitzarrak eta Irati Benitok ez zuten euren partida ongiegi hasi eta Amaiur Landak eta Izaro Aizpuruak aurrea hartu zuten markagailuan (10-8). Dena dela, partidak aurrera egin ahala, leitzarra eta zornotzarra partidan sartzen joan ziren eta, lehia irauli eta merezitako txapela eskuratu dute bizkaitarrak eta Garazi Imazek (18-10).
Promesen mailako txapelak, ordea, Sondika eta Oiartzunera joan dira, Uriarte eta Galardiren buruetara hain zuzen ere. Txapeldunek bikote bezala asko batu dute, Galardi atzean oso zorrotz eta Uriarte aurrean tantoak ederki amaituz. Parean, Onintza Galdos aulestiarrak lan txukuna egin zuen arren, Berasaluzek ez zuen bere egunik onena izan eta 18-10 galdu zuten.
Emaitzak emaitza, pilotaren festa handi bat bizi izan da Emakumeen Binakako Txapelketaren harira Eibarko Astelenan.