Emakume Master Cup zirkuituko eskuz binakako final nagusia jokatuko du igandean Eibarren Alize Sagardui goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 20a

Enara Gaminde, Alize Sagardui, Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara izanen dira Emakume Master Cup zirkuituko eskuz binakako txapelketa nagusiko finalaren protagonista.

Eszenatokiagatik (pilotaleku gutxik dute Eibarko Astelenaren ospea eta historia), Olatz Arrizabalaga Binakako sei txapel lortzen dituen lehen pilotari bihurtzeko aukeragatik (gizon nahiz emakume), sortutako ikusminagatik, banakako txapela eta binakakoa kateatzen lehen emakumea izan zen Enara Gamindek bolada luzatu nahi duelako, lortutako prestigioagatik, Master Cup Zirkuituarekin hazi den belaunaldi bateko bi pilotari hurrengoan nagusi izan behar duen beste bikote batekin aurrez aurre jartzeagatik… eskuz binakako final handia jokatuko dute igande honetan, ETBko kamerak lekuko direla. Olatz Arrizabalaga-Arrate Bergarak, txapelketako bikoterik onena eta egungo txapeldunordeek, Alize Sagardui, 14 urteko goizuetarra, eta Enara Gaminde izango dituzte aurrez aurre, txapelketan behetik gora eginda, unerik erabakigarrienera joko puntu onenean heldu den bikote gaztea.

14 urterekin, finaleko gazteena izanen da eta Enara Gaminderekin bikote eginez, txapelketako partida guztiak irabaziak dituzten Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergararen kontra ariko da

Emakumezkoen binakakoaren finala historikoa bihur daiteke, Olatz Arrizabalaga binakako seigarren txapela jantzi duen lehen pilotaria izateko moduan baitago. Oraingoz, gernikarrak Antton Maíz, Julian Retegi, Juan Martinez de Irujo eta Jose Javier Zabaletarekin partekatzen du eskalafoia, eta hauetatik Etxarrenekoa da, Olatzekin batera, bere palmaresa handitu dezakeen bakarra.

Iaz, Arrate Bergararekin batera, gernikarrari azken orduan egin zion ihes aukera horrek Enara Gaminde eta Mirian Arraizaren aurka, eta aurten ez diote berriz ere joaten utzi nahi. «Gogo handiz prestatzen dudan txapelketa da, urteko lehen helburua da eta azken urteetan nahiko ondo eman zait, oso gustura jokatzen dut binaka. Azken finaletan egon izana saria da niretzat eta egiten ari naizen lana ondo egiten ari naizela ikusteko modua. Motibazio handiarekin nago finalari begira eta seigarren txapela lortzen bada hobe, baina presiorik gabe», dio Arrizabalagak.

Gernikakoak eta Arrate Bergarak orain arte jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, beraz, txapela irabaziz gero, txapelketa perfektua osatuko lukete. «Ligaxka ikusita, esan liteke gu faboritoagoak garela, baina nik ez nuke esango hain faboritoak garenik, Enara Gaminde egungo banakako eta binakako txapelduna da, urte bikaina egin zuen iaz eta Enara kantxan dagoen guztietan faboritotzat jo daiteke».

Elkar ezagutuz

Arrizabalagak eta Bergarak esperientzia eta elkar-ezagutza handia dute, entrenamendu eta prestakuntza ordu asko elkarbanatzen baitituzte. Alize Sagardui goizuetarrak, 14 urte besterik ez ditu, eta Gamindek (19), aldiz, binakakoan ezagutu dute elkar. «Aurten Alize debutariarekin eta pilotari oso gaztearekin jokatzea egokitu zait. Egia esan, hasieran pixka bat gehiago kostatu zitzaigun elkar ezagutzen ez genuelako, baina txapelketan zehar hobeto egon gara eta hobeto ulertzen joan gara kantxa barruan. Aurreko egunean, finalerdietan, oso ondo jokatu zuen, lasaitasuna erakutsi zuen, eta ea finalean berriro lasai egotea lortzen duen, bere onena emateko, eta ea gai garen aurkari oso indartsuei aurre egiteko», adierazi du bere binakako hirugarren txapela eskuratu nahi badu, bikotearen zama bizkar gainean hartu beharko duen Laukizko atzelariak. Lehenengoa 2022an irabazi zuen, Olatz Arrizabalagarekin, Irunen.

Arrate Bergararentzat bere lehen titulu nagusia litzateke, eta oso berezia izango zen Astelenan, txikitan aitarekin joaten zen frontoira, eta maitasunez gogoratzen ditu ikusitako hirugarren partida horiek, Cecilio protagonista zela, nahiz eta bera «Irujista» izan. Garai hartan ezin zuen imajinatu ere egin urte batzuk geroago bera izango zela igande honetan fokuak bereganatuko zituena. «Finalera begira nahiko lasai nago, prestaketari dagokionez orain arte egin dudana egiten ari naiz, ezer oso desberdinik egin gabe prestaketa aldetik», adierazi du aspalditik Bergaran bizi den tuterarrak. «Azken urteotan antzeko egoerak bizi izan ditut, eta uste dut ikasi ere egin dudala, eta horrek konfiantza handiagoa ematen dit orain finalari aurre egiteko. Beti dago urduritasun puntu hori, eta eguna iristea eta dena ondo ateratzea nahi izatea, baina aldi berean, badakit orain arte egindako lan guztia baloratu behar dudala. Hilabete hauetan asko disfrutatu dut Olatzekin eta horretan jarraitu behar dut, gozatzen, eta, noski, txapela eramaten badugu, zerbait sinestezina izango litzateke».

14 urte besterik ez eta jokatzen duen bere lehen elite mailako txapelketan, Alize Sagardui izango da final honetako zalantza nagusia, nahiz eta maila baxuagoetan dena irabazi izanaren bermea duen. Goizuetakoak ezin hobeto erantzun zuen Aguraingo finalerdian eta Katedralean ere errepikatzeko gai izatea espero du. Finalak ikusmin handia sortu du, izan ere, finalisten hainbat udalerritan autobusak antolatu dituzte Eibarrera euren pilotariak animatzera joateko.

Garazi Imaz leitzarrak gazte mailako finala jokatuko du.

Garazi Imaz leitzarra gazte mailako finalean

Garazi Imaz leitzarrak eta Irati Benitok, Amaiur Landaren eta Izaro Aizpuruaren kontra jokatuko dute gazteen mailako finala eta promesen mailakoan, Uriarte eta Galardegi, Galdosen eta Berasaluzeren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun