2025eko urtarrilaren 22an ireki zuten Leitzan bigarren eskuko arropen eta osagarrien denda. Urtebeteko balantzea egiteko eskatuta, «bultzada baten beharra» duela aitortu dute Miren Intxaurrondo eta Arantxa Azpiroz boluntarioek. Martxa hartzea kostatzen ari dela diote: «Jendeak ez du erreparorik arropa ekartzeko, baina erosteko garaian ikusten da ohiturarik ez dagoela». Kontzientzia falta egon daiteke horren atzean, baina aurreiritziek ere dezenteko pisua dutela uste dute.
Mendialdea Mankomunitateak eta Zaindu Leitzaldeak elkarlanean osatu zuten proiektua, «arropa eta osagarriei bizi berri bat eman, ekonomia zirkularra bultzatu eta kontsumo eredu berriak sustatzeko asmoz». Haur, gazte zein helduentzako produktuak dituzte salgai eta hori azpimarratu nahi dute: «Bezero gehienak emakumeak izaten diren arren, jaioberrientzako, gizonezkoentzako eta neskato zein mutilentzako eskaintza ere zabala da». Prezio aldetik ere hainbat aukera daude: «Merkeena hiru eurotan eros daiteke eta garestiena hogeita hamar eurotan. Kontuan izan behar da arropetako batzuk etiketarekin, erabili gabe, daudela».
Astean bitan zabalik
Astean bitan irekitzen dute denda, «ostegunetan, 16:30etik 18:30era eta ostiraletan, 10:30etik 13:00etara». Salmentaz gain, bilketa ere egun horietan egiten dute. Horrekin lotuta, eskaera bat ere egin nahi izan dute: «Duela urtebete denda ireki genuenean konponketa txikiak egiteko prest geundela aipatu genuen. Ikusi dugu ez dela bideragarria. Arropak garbituta eta saltzeko moduan ekartzea eskertuko genuke». Ez da aldaketa bakarra izanen: «orain arte ekarpena egin izana saritzeko erosketa txartelak banatu ditugu, baina urtea pasata hori kentzea pentsatu dugu».
Mezu argia eman nahi diete herritarrei: «beldurrik gabe etor daitezela begiratzera, probatzera... Nahi genuke jendea oroitzea hau ere badagoela eta erosteko beste modu bat dela».