Korrikaren furgoneta aurten ez da Leitzako eta Aresoko errepideetan barna ibiliko. Horrek ez du esan nahi, ordea, Korrikarekin bat eginen ez dutenik. Martxoaren 23an, goizean, Korrika Txikiak antolatu dituzte bi herrietan. Leitzan 11:00etan hasiko da eta Itzaire Haur Eskolako, Erleta Eskolako eta Amazabal Instituko ikasleek eta irakasleek eta Okille tailerreko langileek parte hartuko dute. Aresoko Nazabal Eskolan, berriz, 12:30etik aurrera eginen dute Korrika Txikia. Goizeko korrikaldia arratsalderako beroketa izanen da, akaso. Aresoarrek bi kilometro erosi dituzte Sakanan: Lekukoa, 17:00 aldera, hartuko dute Satrustegin. Leitzarrak, berriz, Araitz aldera joan dira. Azpirotz eta Lezaeta artean, sei kilometro erosi dituzte eta 20:30ean hartuko dute lekukoa.
Leitzako Korrikako batzordeak, hainbat ekitaldi ere antolatu ditu. Kaxkabeltzako kideek, herriko kaleak girotzeko, Korrikako 24 edizioetako kantak jarriko dituzte martxoaren 21ean. Martxoaren 19tik 27ra Koplekin jolasean aritzeko aukera egonen da: bertso eskolako gazteek sortutako bertsoak osatzeko erronka luzatu dute. Gainera, martxoaren 28an Laburbira film laburren zirkuitu ibiltariaz gozatzeko aukera izanen da Leitzako Herri Aretoan.