Arnedon (Errioxa) larunbatean jokatutako finalaurrekoa irabazi zion Ezcaray taldeari, baina finala galdu zuen Burlatako Zugarralderen kontra eta orain promozioa jokatu beharko du Goizuetako Umore Onaren kontra apirilaren 11n Adarragan
Larunbateko finalerdian, buruz buruko partidan, Aurrerako Hegoi Txoperenak 2-0 irabazi zion Ezcaray taldeko Adrian Uriarteri (10-8 eta 10-3). Binakako partidan, aldiz, 0-2 galdu zuten Aurrerako Janitz Sagastibeltzak eta Eñaut Goikoetxeak, Ezcarayko Jaime eta Jorge Altuzarra anaien kontra (3-10 eta 9-10). Beraz, tanto bakarreko aldearekin lortu zuten finalerako txartela leitzarrek.
Finalean ere tantoen aldea erabakigarri
Finaleko buruz buruko partidan garaile suertatu zen Aurrerako Hegoi Txoperena, lehen jokoa galdu arren, 2-1 irabazi baitzion Zugarraldeko Aitor Alduntzini (2-10, 10-3 eta 5-3).
Binakako partidan, aldiz, alderantziz gertatu zen. Lehen jokoa irabazi egin zuten Aurrerako Janitz Sagastibeltzak eta Eñaut Goikoetxeak, baina beste biak Zugarraldeko Enaitz Anso oronoztarrak eta Beñat Villanuevak irabazi zituzten (10-7, 7-10 eta 1-5). Beraz, tanto aldeak erabaki zuen txapela eta igoera.
Promozioa Goizuetako Umore Onaren kontra
Finala galdu arren, ohorezko mailara igotzeko bigarren aukera bat ere izanen dute leitzarrek. Hain zuzen, ohorezko mailan azkenaurrekoa izan den Goizuetako Umore Ona izanen dute arerio apirilaren 11n Logroñoko Adarragan. Bizilagunen arteko lehia izanen da, beraz, maila gorenari eusteko edo igotzeko.