Goizutrail lasterketan izena emateko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 18a

Hamaikagarren edizioa izanen da aurtengoa.

Maiatzaren 16an izanen da probaren hamaikagarren edizioa eta lasterkariek bi luzera izanen dituzte aukeran: 11 edo 26 kilometroko ibilbideak. 

Lasterketan izena eman nahi dutenek,  Internet bidez egin dezakete maiatzaren 15era arte. Lasterketa laburra egin nahi dutenek,  20 euro ordaindu beharko dituzte eta luzea egin nahi dutenek 25 euro. Goizuetan erroldatuta daudenek bost euro gutxiago ordaindu beharko dituzte: 15 euro ibilbide laburra eginen dutenek eta 20 euro luzea eginen dutenek. 

Hamaikagarren edizioa

Hamaikagarren edizioa izanen da aurtengoa eta iaz bezalaxe,  emakumeen parte hartzea bultzatzeko, 10 kilometroko lasterketan binaka parte hartzeko aukera eskainiko dute. Hori bai, derrigorrezkoa izanen da bikoteko parte hartzaileetako bat emakumezkoa izatea eta lasterketa elkarrekin hasi eta bukatzea.

Goizutrail lasterketa, Goizuetako plazatik hasiko da eta parte-hartzaile guztiak bidezidor estu batetik igoko dira Aitasemegi auzora. Lau kilometro osatuko dituzte pista eta bidezidorretan barna eta Eneko Elorri (680 m) gailurrera iritsiko dira. Hemendik herrira jaitsiko dira, Espideko Soroa zeharkatuz. Ibilbide laburra eginen duten lasterkariek hemen amaituko dituzte egin beharreko lanak. Ibilbide luzeko lasterkariek. ordea, aurrera segiko dute. Amonamotza (947m), Loitzate (1048m) eta Arainburu (1054m) gailurretara igoko dira. Ondoren, Bentzuntzaraino (912m) segi eta Elamara jaitsiko dira. Igoera txiki bat egin eta Arriurdiñetara (560m) iritsiko dira, ibaia zeharkatuko dute (Ikatzola350m), Espideko soroaraino igoko dira (500 m) eta, ondoren, helmugara iritsiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun