Goizuetako kluba bederatzigarren gelditu da sailkapenean eta lehen mailako finaleko galtzailearen kontra jokatu beharko du
Buruz buruko partidan, Umore Onako Xabi Apaolazak, lehen jokoa galdu arren, 2-1 irabazi zion San Cristobaleko Xabier Santxori (6-10, 10-2 eta 5-2). Binakako partidan, aldiz, Umore Onako Beñat Apezetxeak eta Julen Urruzola 1-2 galdu zuten San Cristobaleko Eneko Labakaren eta Oier Elorzen, partida ezin berdinduago batean (7-10, 10-3 eta 4-5).
Lehen mailako finaleko galtzailearen kontra kanporaketa
Emaitza honekin, aipatu bezala, bederatzigarren izan da Umore Ona ohorezko mailako azken sailkapenean eta maila mantentzeko kanporaketa jokatu beharko du, lehen mailako finalean galtzaile suertatzen den klubaren kontra. Oraindik ezin da jakin zein izanen duen arerio. Izan ere igande honetan jokatzekoa dute lehen mailako finala Arnedon (Errioxa). Zugarralde finalean da eta arerioa larunbatean Ezcaray klubak eta Leitzako Aurrerak jokatuko duten finalerdiko irabazlea izanen da. Finaleko irabazlea ohorezko mailara igoko da eta galtzailea, beraz, Umore Onaren kontra ariko da.